Bahía Blanca, Argentina. Datorren asteburutik aurrera, Argentinako hainbat txokotako 16 irakaslegai hartuko ditu Bahía Blancako Unión Vasca Euskal Etxeak. FEVAk eta Etxepare Euskal Institutuak elkarlanean antolaturik, uztailaren 18tik, larunbata, 25era, igandea, beste neguko barnetegi baten egoitza izango da. Egun B maila ikasten ari den talde honek seigarren aurrez aurreko topaketa izango du. Izan ere, bizikidetza eta formakuntza sakoneko astea izango da partaideentzat. Egunero zazpi orduko eskolak izango dituzte, eta, horrez gain, dantza eta mus tailerrak, zinema emanaldiak eta uztailaren 20ko Lagunaren Eguneko ospakizun tradizionala elkarbanatuko dituzte.
Etxepare Euskal Institutuko Kinku Zinkunegik eta FEVAko Gabriela Mendiak koordinatuko dute jarduera. Aurrez aurreko eskolak, berriz, Anabel Jaureguiberry eta Inés Olazabal tandildarrek emango dituzte; biak ala biak Euskara Munduan programan hezitako irakasleak. Ikasle talde honek San Nicolásen ekin zion bideari 2024an, eta Euskal Herritik kudeatutako online plataforma baten bidez jarraitzen du ikasten, Jon Joseba Urdangarin lazkaotarraren gidaritzapean. Irakasle gisa trebatzeko prozesua 2027an amaitzea aurreikusten dute.
Uholdeen gainetik
Euskal etxe anfitrioian, prestaketa lanak azken ikutuen fasean daude euskaltzaleei ostiraletik aurrera harrera egokia egiteko. "Urte batzuk badira gure etxean barnetegirik hartzen ez genuela eta gogotsu ginen, hurrengo euskara ikastaroetan aldaketak etor daitezkeela jakinda gainera", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Bahía Blancako Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederrak. Elkarteak topaketa egoki errezibitzeko egindako esfortzua ere azpimarratu du zuzendariak: “Iazko uholdeak eraikinean utzitako ondorioak nabari diren arren, euskara gelak txukundu eta prestatu ditugu, dena behar bezala egon dadin”, adierazi du.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


