euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Susana Siccardi euskara irakasle argentinarra Jaialdin: “Uf, ez dut inoiz ahaztuko hain eskuzabaltasun handiko keinua”

2025/09/17

Susana Siccardi Boisen
Susana Siccardi Boisen

PUBLIZITATEA

Sabrina Otegi. Susana Siccardi argentinarra da, Maipu hirikoa eta ingeles eta euskara irakaslea. Mar del Platako Unibertsitatean ikasi zuen Filologia ingelesa eta ingeles irakasle ibili zen Euskal Herrian. Euskara, Diasporako Euskara Munduan programan ikasi zuen. Gaur egun, euskara klaseak ematen dizkie zoom bidez Mar del Platatik Estatu Batuetako ikasleei; hauek, bere engaiamendua eskertzeko, Boiseko Jaialdian parte hartzeko gonbitea luzatu zioten. Bidaian, diasporaren euskal festarik handienaz gozatzeaz gain, aurrez-aurre ezagutu ahal izan ditu Susanak bere ikasleak. Estatu Batuetatik bueltan, bertan bizi izandakoaz mintzatu zaio irakasle argentinarra EuskalKultura.eus-i.

- Ingeles irakasle izatetik, euskara ingelesez irakasten duen irakaslea izatera pasatutakoa zara…

Filologo ingelesa naiz, Mar del Platako Unibertsitatean graduatua. Londresen bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan trebatu nintzen eta geroago Donostian zein Argentinan aritu izan naiz irakasle. Horren ondotik, 2020an, Diasporan euskara irakasten duen Euskara Munduan programan sartu nintzen eta hortik Lazkaoko Maizpide Barnetegian jarraitu eta burutu nuen euskarazko trebakuntza, mundo osoko lagunekin batera.

- Euskara klaseak online Estatu Batuetako ikasleei ematen diezu...

Betidanik egon naiz lotuta euskal bizitzari Euskal Etxearen bitartez. Bestalde, Donostian ingeleseko irakasle bezala lan egin nuenean Boiseko senar-emazte batzuk ezagutu nituen eta horrek askoz gehiago hurbildu ninduen Estatu Batuetako euskal komunitatearengana. Pandemia garaian, online ikastaroak ugaltzen hasi ziren eta Boiseko Basque Museum-ean euskara irakasle bila ari zirela jakin eta aurkeztera animatu nintzen. Ingelesez zein euskaraz hitz egin dezakedanez, integrazioa naturala izan zen. Eta horrela hasi nuen esperientzia hau, oraindik ere poz handiak ematen dizkidana.

- Zenbat talderen irakasle zara gaur?

Gaur egun zazpi ikastaro ditut, gehienak hasierako mailakoak. Zoom bidez egiten ditugunez, estatu ezberdinetatik konektatzen dira, baina beti Boiseko Basque Museum-en aterkipean. Nire esperientzia nagusia ingelesa irakaskuntzan da, hau da, ingelesa bigarren hizkuntza gisa. Hogeita hamar urte baino gehiago daramatzat horretan. Eta azken urteetan euskararen irakaskuntzara bideratu dut eskarmentu hori guztia. Metodologia bera da: hizkuntza da aldatzen dena, baina grina berarekin ekiten diot.

- Harremana, birtuala izan duzu beti ikasleekin, bidaia hau etorri arte. Izan ere, ikasleek zerikusi handia izan dute Boiseko Jaialdirako zure bidaiarekin…

Bai! Opari ahaztezina izan da. Ikasleetako batek, Kaliforniako Chris Borundak, diru-bilketa bat antolatu zuen ni bidaiatu ahal izateko. Opari zoragarria izan da, izugarri harritu ninduten bidaiarekin. Haiei eskerrak Jaialdian parte hartu ahal izan dut astebetez. Eta ez hori bakarrik; jaia bukatu eta gero, batzuk bisitatu ahal izan ditut beren estatuetan. Hemeretzi ikasle ezagutu ahal izan ditut aurrez aurre Jaialdin. Egun osoak eman genituen gosaltzen, ospatzen… dena konpartitzen. Oso hunkigarria izan da ikustea nola pantaila medio hasi zena, benetako besarkadak eta adiskidetasuna bilakatu den. Pandemia garaian, baina baita gero ere, teknologiak asko hurbilarazi gaitu, eta hurbiltzen gaitu egunero. Baina oraingoan, jendearekin aurrez aurre topo egitea, beste dimentsio bat izan zen. Ikaskuntzatik harago, adiskidetasun lokarriak sortu genituen. Haiek Euskal Herrira bidaiatzen dutenean, adibidez, bidaiaren antolaketan laguntzen diet eta beti bilatu eta bideratzen diet benetako esperientziak euskaraz bizitzeko aukera. Klaseetatik askoz harago doan harremana da. Eta egiatan, inoiz ahaztuko ez dudan eskuzabaltasun handiko keinua izan zen eurena.

- Argentinan baditugu euskal jaialdi handiak baina aurtengo Boiseko Jaialdiak marka batzuk apurtu dituela uste dut… mundu osoko jende asko, ikuskizunen eta artisten kalitatea, Euskal Herritik egin zen jarraipena… zerk harritu zintuen gehien?

Gauza askok, euskararekin lotuta batez ere. Ikusi nuen, adibidez, han oso belaunaldi zaharragoetan gordetzen dela euskara, eta horrek zeharo hunkitu ninduen. Baina bereziena, dudarik gabe, nire ikasleekin partekatutako denbora izen zen: goizetik gauera, elkarrekin ospatzen. Eraiki dugun komunitateak distantzia guztiak gainditzen dituela sentitzea. Bigarren hizkuntza baten irakaskuntza ikaslearen ama hizkuntzari lotuta dago eta asko hitz daiteke gaiaren inguruan. Niretzat hizkuntzak irakastea ez da lan kontu hutsa, benetako pasioa da. Izan ere, hizkuntza bat identitatea da, kultura, eta pertsonen arteko zubia. Ikasten dugun hizkuntza bakoitzak mundua ikusteko modu berriak zabaltzen dizkigu eta gehiago hurbiltzen gaitu elkarrengana. Zinez sentitzen dudan gauza da eta horregatik segitzen diot ekiten hain gogotsu.

Estatu Batuetan bizi izandako momentu polit batzuk bideo honetara bildu ditu Susanak

 



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia