euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaialdi 2025: Boise Euskal Herria, zinezko Zortzigarren Probintzia, bilakatzen da euskaldunentzat Jaialdi garaian

2025/08/05

Jaialdi 2025eko lau irudi: Pradales lehendakaria Kapitolioan, gobernadorea eta autoritateak atzean; Utah'ko Triskalariak dantzariak dantzan; Zortziak Bat Sinposioa eta Pedro Oiarzabal; festa Basque Block-en
Jaialdi 2025eko lau irudi: Pradales lehendakaria Kapitolioan, gobernadorea eta autoritateak atzean; Utah'ko Triskalariak dantzariak dantzan; Zortziak Bat Sinposioa eta Pedro Oiarzabal; festa Basque Block-en

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Segituko dugu datozen egunotan Jaialdiri buruz hizketan. Hamar urteko hutsunea eta gero, espektatibak handiak ziren, baina zalantza izpi bat ere bazegoen, mundu nahasi honetan jendeak nola erantzungo zuen. Beti daude gauzak hobetzeko, baina oso kontent ikusi dugu jendea. Batetik, argi da antolatzaileak izerditu egin dutela elastikoa. Ez da erraza honelako ekitaldi erraldoi bat antolatzea. Azpimarratzekoa, euskaldunen inguru boisetar guztia lagun dituela Jaialdik.

Airrportura iritsi orduko, Kaixo hitz erraldoi batzuk terminalean, aireportuko pantailetan Jaialdiren ongi etorri bideoak, hiri erdigunean, kale-argietan, Jaialdiko banner edo zintzilikarioak, bertako alkatea eta gobernadorea erabat Jaialdirekin anfitrioi gisa ongi etorria ematen eta parte hartzen ekitaldietan, Kapitolioan-eta, konplizetasun eta lankidetza handia, bolondresak nonahi lanean (euskal komunitatekoak, baina herritar ez-euskaldunak ere!). Jaialdi Boise da, bertako gauza da, boisetarrena eta estatubatuarra, baina aldi berean euskalduna da oso, euskaldun guztiena, hango edo hemengo.


Aireportuko pantailetan ongietorria bisitariei Jaialdira, bertako turismo bulegoa, aireportua eta Jaialdi lankide


Gernikako Arbola ekitaldiaren hasieran (bideoa CBS 2 Boise TV)


Kale animazioa Basque Blocken, Guk Euskaraz kantari, Taberna Ibiltaria animatzaile


Boise bertako 'Amuma Says No' euskal taldea Idaho Central Arena aretoan jotzen


Euskal Herritik etorritako Gatibu taldea Boisera bildutako bere publikoarekin berbetan

Euskal Herriko jende asko ikusi ditugu. Batetik, bidaia antolatuak, Nafarroatik eta Bizkaitik. Australiako euskaldunak ere etorri dira, lehenago Kalifornia eta Nevadatik pasata euskal herri eta ostatuen ibilibidea eginez. Jaialdik ofizialki bertan jo edo aritzeko euskal kantari, musikari eta dantzariak ekarri zituen, baina euren kasa etorritako hamaika herritar, eta musikari eta kantari taldeak ere gehitu zaizkio festari Euskal Herritik, bakoitza bere hondar alea ipintzen.

Izan ere, esango genuke erreferentzia puntu gisa ari dela goititzen Boiseko Jaialdi Euskal Herriko hainbat jenderentzat. Etxetik urruneko euskal destino gisa. Hona datoz, oasi batera, modu berezi batean euskaldun sentitzera, euskal herriko festa berezi batera, Euskal Herrian egingo lituzketen gauzak etxetik oso urrun egitera, baina etxean eta etxekoez inguratuta egitera, euskalduntasuna ezaguna eta errespetatua den leku batean. Hemen ere, han bezala, kantatu, dantzatu, lagunekin bildu, kontzertuetara joan, otorduak egin, kultura programetan parte hartu... hori dena egiten baitute, etxean egongo balira bezala, baina, harrigarria, Euskal Herritik zortzi edo bederatzi mila kilometrora. Eta gustuko dute honela onartuak izatea euskal diaspora honetan.

(bihar segituko)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia