Boise, Idaho, AEB. San Ignazio mezak Boiseko Saint John Katedrakean, "Iñaki gure zaindari haundia" kantatuz, eta ondoren hiriko 'Basque Block' euskal auzoan egindako azken kale festarekin bukatu dira Boisen Jaialdi 2025eko ekitaldiak. EuskalKultura.eus-ek antolatzaile batzordeko kide Rod Wray-ri lehenengo balantze hitzak kendu dizkio (ikus beherago bideoa) eta emaitzak oso onak izan direla esan digu, izan ere baita "pentsatu baino hobeak" ere, hamar urteren ondotik etorri den edizioa izanik, beti baitzeukaten zalantzaren bat jendeak nola erantzungo zuen, baina behin-behineko zenbakiek, giroak eta bertaratutakoen inpresioek bat egin dute arrakasta hitza argi ezpaineratuz.
Ohi bezala, astean zehar argazki eta bideo kronika joan da argitaratzen EuskalKultura.eus elkarretaratze handi honek izan dituen txoko, bazter eta puzle osagaiak xehetuz. Antolakuntza taldetik Rod Wrayk azaldu digu soilik Expo Idahoko lehenengo egunean 15.000 pertsona pasatu zirela. Gogoratu behar dugu larunbat eta igandean eguneko ekitaldiak Azokagune bat bezala diren instalazio horietan egin dela Jaialdi, gero arratsaldeko bostetatik aurrera Boiseko Basque Block-era pasatzeko, tartean Idaho Arenako kirol eta musika emanaldiak eta beste hainbat ekitaldi, publikoan Euskal Herriko bisitariak eta bertako hainbat jende partaide, euskaldunak batzuk eta ez-euskaldunak beste hamaika, euskaldunen musika, janaria, giroa, kirolak eta euskaldunen festa moduak erakarrita.
Boiseko San Ignazio mezako ezaugarri berezia dira Oñatiko Corpus eguneko dantzak aldarean konsagrazioan
Igandean arratsaldeko 5etan egin zen "San Inazio meza" Katedralean, 'Iñaki gure zaindari haundia' kantatuz bukatzeko
Antolaketa buruetakoa den Rod Wray-ren lehenengo balantzea Jaialdi 2025ari buruz
Aurten bereziki trinkoa izan da Jaialdi 2025eko egunotako programa, berez Jaialdiko denari bestelako ekitaldiak ere emendatu baitzaizkio, tartean, esaterako, 'Zortziak Bat' Sinposioa Boise State Unibertsitatean (BSU), euskal diaspora eta kultura bi egunez aztergai, programarik kanpoko partaidetza eta ekarpen gehiagorekin. Euskal Herritik andana bat partaide bertaratu dira, arlo instituzional eta politikoan, Pradales lehendakaria buru, tartean baita ere Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Parlamentua, Eusko Legebiltzarra, Gernika eta Oñatiko Udalak, alderdi politikoak, eta abar; kirol eta musika arloko ordezkaritza zabal batekin, eta herritar xume askorekin; horiek guztiak bertako NABO eta euskal elkarte eta etxeetako buru eta kideekin, musikari eta artistekin; guztiei harrera paregabea emanez Idahoko gobernadore Brad Little-k eta Boiseko alkate Lauren McLean-ek, bertako gainerako erakunde eta herritarrekin batera.
(bihar gehiago)