Tandil, Argentina. Datorren asteko igandean, abuztuaren 17an, arratsaldeko 15etan, Tandilgo Liburu Azoka, eskualdeko kultur ekitaldi garrantzitsuenetako bat, gertakari berezi baten lekuko izango da, emaitza berritzaile bat aurkeztuko baitu euskal komunitatearentzat eta haur literaturazaleentzat. UNICEN argitaletxeak "Las alas de Pakita" (Pakitaren Hegoak) aurkeztuko du, egilea Valeria Aramburu duela, literatura eta euskara irakaslearen haurrentzako lehen lana. Andrés Llanezas ilustratzailea eta Gerardo Tassara argitaletxeko zuzendaria lagun, egileak aukera paregabea eskainiko dio bertaratzen denari obra honetan murgiltzeko eta haurrak liluratuko ditu bere istorio eta protagonista maitagarriarekin.
Valeria Aramburuk euskal kulturarekiko duen ezagutza eta maitasuna eta Argentinako panparen edertasun naturalarekin uztartzen ditu obra honetan. 50 orrialdetan zehar, eta zortzi ipuinen bidez —eskualdeko hainbat txori hari direla— lanak Pakita aurkezten digu: neskatila bizkor, jakinguratsu eta naturazalea. Baina ""Las alas de Pakita”, ipuin-liburu soil bat izatetik haratago doa. Euskal diasporako familia bateko kidea denez, Pakitak euskal-argentinar kulturaren berezitasunak ere aurkezten dizkigu.
Solasean EuskalKultura.eus-ekin, Valeria Aramburuk zera esan du liburuaz: "Gure identitatea bizi garen lekutik eraikitzen da. Beraz, oinordetzan jaso ditzakegun ezaugarri kulturaletatik haratago, gure identitatearen zati bat gure inguruko ezaugarriekin ere eraikitzen dugu: mendiak, larreak, hemendik hegan dabiltzan txoriak, eta horiek, aldi berean, euskal kulturaren gaiekin lotzen dira". Ipuin bakoitzean hainbat gai lantzen dira, tartean adiskidetasunaren balioa, familiarena, familiak haur berri baten etorrerarekin bizi ohi duen aldaketa, maite dugun norbaiten joateak eragindako doluak edota, baita ere, "batzuetan, gure habia lekuz aldatu behar dugula, eta horrek dakarren guztia ulertzearen garrantzia".
Liburuaren amaieran, euskarazko agurrak dakartza, 1etik 20rako zenbakiak, euskal etxeetan ospatzen diren jai nagusiak, asteko egunak eta ipuinetan agertzen diren hitzen esanahia —eguzkilorea, txistorra, irrintzia, zirimiria, baserria, txapela, galtzagorri..— glosario batean bilduta. "Las alas de Pakita" euskal diasporaren eta bere sustraien arteko loturaren testigantza da, haurrei lehio bat eskainiz kultur eta natur aniztasunera..
Zorionak Valeria!