Quebec Hiria, Quebec. Arkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975) poeta eta idazle euskaldunak Quebeceko I. Nazioarteko Poesia Jaialdian (FIP) hartuko du parte ostiral eta larunbat honetan Quebec Hirian. Egile gipuzkoarra ostiralean, martxoaren 6an, arituko da goizeko poesia saioan (10:00etatik 12:00etara) nazioarteko beste zenbait olerkari ere partaide. Bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan errezitatuko du bere lan bat eta frantseserako itzulpena izango du alboan. Giro bero eta atsegin batean, hitzen, hizkuntzen eta kulturen trukerako espazio bat sortuko da, publiko orokorrarentzat irekia eta familientzat ere zuzendua, jakinarazi du ohar batean euskal idaztearen partaidetza ahalbidetu duen Etxepare Euskal Institutuak.
Biharamunean, berriz, martxoaren 7an, larunbata, Harkaitz Canok 21:00etako poesia-ibilbidean parte hartuko du, La Charpente des fauves espazioan antolatutako poesia-gau ibiltarian (bi txandatan antolatua, 19:30ean eta 21:00etan, GMT-5). Bertan, tokiko eta nazioarteko poetekin batera, irakurraldiak eta performance poetikoak eskainiko dira, giro eszeniko eta diziplinartekoan, musika, collagea eta bideopoemak, tarteko. Gauean zehar, espazioan barrena ibilbide poetiko bat osatuko da, eta jaialdia dantzaldi batekin itxiko, gonbidatutako poeten gustu musikaletan inspiratutako kantu-zerrenda batekin.
Quebec-eko FIP eta 'Ça colle au basque'
Quebeceko FIPa hiru eguneko poesia-zoramen bizia da, Quebecetik, Kanadatik, Europatik eta munduko beste hainbat lekutatik etorritako hogei bat poeta partaide. 'Charpente des fauves' gune bizian gertatzen da, Spoken Word Québec-ek ekoitzia eta Maison de la littérature-rekin lankidetzan, eta bete-betean ospatzen da UNESCO Literatura Hiria den Quebecen bihotzean. Irakurraldiak, performanceak, kanpoko ekitaldiak, bideopoesia, instalazioak, aurkezpenak eta solasaldiak biltzen ditu. jaialdiak oparotasun poetikoa austeritatearen aurrean jartzen du, hizkuntzen, kulturen, ahotsen eta formen aniztasuna ospatzeko.
Harkaitz Cano euskal idazlearen parte-hartzea Etxepare Euskal Institutuaren ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren baitan kokatzen da, euskal kultura eta sorkuntza frankofoniaren esparruan sustatzea xede duen ekimena. Hala, euskal kulturaren nazioartekotze-estrategiaren beste urrats bat da, Quebeceko FIPen gauzatua, frankofoniaren esparruan euskal sorkuntza garaikidea ikusgarriago egiteko aukera paregabea.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


