euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montreal: hizkuntzaren irakaskuntza, plangintza eta erabilera hizpide McGill Unibertsitateko Elbira Zipitria katedraren irekieran

2022/09/16

Montrealgo McGill Unibertsitatearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzaren emaitza da Ebira Zipitria katedra berria
Montrealgo McGill Unibertsitatearen eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko lankidetzaren emaitza da Ebira Zipitria katedra berria

PUBLIZITATEA

Montreal, Québec. Euskal ikasketen katedra berria jarri dute abian Montrealen McGill Unibertsitateak eta Etxepare Euskal Institutuak, elkarlanean. Elbira Zipitria (Zumaia, 1906-Donostia, 1982) pedagogo, ikastolen sortzaile eta andereño berritzailearen izena darama katedrak, eta gizarte eta kultur berrikuntza izango ditu ardatz. Donostiako lehen ikastolako sortzaile eta ikastolen aitzindari jotzen da Elbira Zipitria eta berak finkatutako pedagogia berritzailearen oinarriek segitzen dute indarrean, neska-mutiko ikasleak erdigunean.

Garbiñe Iztueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak adierazi duenez, “euskal ikasketak eta gizarte berrikuntza harremanetan jarriko dituen proiektua izango da katedra berri hau, bi aldeak sinestuta baikaude, esparru horretan, Quebeceko errealitatean eta euskal errealitatean zer pentsatu eta trukatu badagoela”. Elbira Zipitria katedrak gizarte eta kultura mailan sortu diren mugimendu eta eman diren pauso berritzaileak, eta hauek hizkuntzari egindako ekarpena izango ditu ikerketa gai.

Hizkuntza ez hegemonikoen garapena

Katedra abian jartzeko hitzarmena sinatzearekin batera, egun osoko irekiera egitarau akademikoa egin dute asteazkenean Quebec eta Euskal Herriko aditu eta ikerlariak partaide. Bi errealitate horietan, hizkuntza ez hegemonikoen garapenean kultur berrikuntza estrategiek izan dezaketen rola hartu zuten hizpide hizlariek, horien artean, Euskal Herritik etorritako hiru aditu: Idoia Fernandez, UPV/EHUko irakaslea; Miren Azkarate, UPV/EHUko irakaslea, eta Pablo Suberbiola, Sozioliguistika Klusterreko ikerlaria.

Fernandez Elbira Zipitriaren soslaiaz mintzatu zen. Adierazi zuenez, “oso ahulduta dauden jatorrizko komunitateetan –kolonizazioa jasan zutenak– emakumeak dira hizkuntzaren transmisioaren aldeko lana egiten dutenak, eta Elbira Zipitriaren pertsona eta Euskal Herrian duela mende erdi gertatu zena, esperantza iturri bat da beraientzat bide horretan ez etsitzeko”.

Erronkak politika linguistikoan eta Euskaraldia

Azkaratek berriz, azaldu zuen Euskal Autonomia Erkidegoan, hizkuntza plangintzaren ikuspuntutik, administrazio publikoan, hezkuntzan eta eremu sozioekonomikoan egin den bidea, eta esparru horietan guztietan ezagutzatik erabilerara pasatzeko dauden erronkak azpimarratu zituen.

Amaitzeko, Suberbiolak Euskaraldia zer den azaldu zien ekitaldira bertaratu ziren ikerlari, irakasle eta adituei, eta zertan oinarritzen den, hizkuntza ohiturak aldatzeko izan ditzakeen gaitasun eta mugen ikuspuntutik. Halaber, egitasmoak gizarte berrikuntzaren aldetik dituen gako nagusiak aurkeztu zituen.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia