Montpellier, Frantzia. Montpelier-ko Eskualdunak euskal elkarteko kantari talde batek bat egingo du datorren larunbatean, irailaren 20an, Montpellier bertako elkarte korsikar bateko eta okzitaniera lantzen duen beste talde bateko partaideekin, elkar ezagutza, kultura trukea eta adiskidetasuna areagotzea helburu dituen ekitaldi batean. Hiriko Korsikar Elkarteak eta Saint-Guilhem Abesbatza Okzitaniarrak gonbitea luzatu zieten euskaldunei elkarren hizkuntza eta kultura ondareak protagonista bilakatu nahi dituen hitzordu adiskidetsu honetara.
Eskualdunak-ek koralik ez badu ere, euskaldunen erantzuna baiezko ozen bat izan zen, eta ondorioz bere kideetako hamabost lanean jarri ziren kantu talde bat sortu eta lehenengo entsegu edo errepikak egiten, gonbidapenari egoki eustearren. Izan ere, heldu den larunbatean Puéchabon-eko Saint-Sylvestre kaperak 16:00etan gauzatuko den elkarretaratzean hiru gizataldeetako bakoitzak bere hizkuntzako kantuak kantatuko ditu, baina bakoitzak kantu bat hautatuko du beste biek ikasi eta batera kanta dezaten.
Korsikar, okzitaniar eta euskaldunek euskal kantu hau kantatuko dute batera: "Bake mina"
Montpellier-ko Euskal Etxeak Peio eta Pantxoaren "Bake mina" hautatu zuen hiru taldeek elkarrekin kanta dezaten euskal kantu gisa, koraletan ere eta molde herrikoian abestu ohi den kantu ezaguna. Kontzertu honek eta honela antolatuta, hiru hizkuntzok azaleratu eta jendaurretzeko, eta hiru kulturak lantzen dituzten elkarteak elkarren berri eta ezagutza hobea izateko nahia adierazten du, hain zuzen ere Ondarearen Jardunaldi Europarra ospatzen den aste honetan. "Eskualdetako hizkuntzak eta kantua guztion ondarea baitira", aldarrikatzen dute antolatzaileek.
Eskualdunak - Montpellier-ko Euskaldunak elkarteak lanpetuta ekin dio ikasturte hasierari. Jacouko elkarteen azokan jartu zuten parte irailaren 6an, iraileko asteartean kantu errepika egin zuten eta irailaren 12an udaosteko lehenengo gaualdi tradizionala burutu. Horrekin batera aste honetako korsikar, okzitaniar eta euskaldunen elkarretaratze hau prestatzeko entseguez gain. Larunbatean, gainera, otordutxo bat ere egingo da, nahi duenak parte hartu dezan, eramanez eta partekatuz jaki eta platera desberdinak, egunaren izpirituaren baitan.