euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uda lanpetua izan dute Tolosan Denak Bat EEko Joaldunek, orain kurtsoa hastekotan dira, euskara, dantza, musikan-eta

2026/09/09

Tolosako EEko Joaldunek 2026ko Gaztaren Bidean hartu zuten parte (argazkia Autrefois le Couserans weborri ofiziala)
Tolosako EEko Joaldunek 2026ko Gaztaren Bidean hartu zuten parte (argazkia Autrefois le Couserans weborri ofiziala)

PUBLIZITATEA

Tolosa-Colomiers, Frantzia. Bukatzen ari den udak orain arte Europa osoan jasan gabeko tenperatura altuak ekarri baditu ere, Okzitaniako Tolosako Denak Bat Euskal Etxeko Joaldunak, artilezko jantziez beztiturik joan arren, azpitik gerriari lotutako zintzarri handiekin, ez dira batere kikildu edo atzendu, eta urtero legez, eskualdeko udako jaialdietan parte hartzen segitu dute. Honela, zanpantzar talde jendetsu bat izan zen euskaldunen ordezkaritza nabarmenena udako zenbait jaialditan, tartean Mazamet-eko banden musika jaialdian eta Saint-Gironseko ‘Saint-Girons Autrefois’ izenekoan.

“Udako festetan eta inauterietan zanpantzarrek eskaintzen dituzten ikuskizunak urte osoko lanaren emaitza dira”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Denak Bat Euskal Etxeko Valériek. “Dozenaka lagun biltzen dira eta urtean zehar entseatzen dute, taldeko boluntario baten ardurapean, aire zabalean. Guk ematen dizkiegu jantziak eta materialak eta haiek galtzerdiak eta alkandora baino ez dituzte ekarri behar”.


Tolosako Joaldunek neguan eta udan dute lana

Baina joaldunena ez da Tolosako Euskal Elkarteak garatzen duen kultur ekintza bakarra. Izan ere, eta uda bukaturik, berriro ere irekiko dute dantza eta musika –pandero, txistu, eskusoinua–, tailerretan parte hartzeko izena emateko epea. Deialdia adin eta maila guztietako jendeari luzatzen diote: “Lehen aldiz etortzen direnak berehala talderatuko ditugu; asmoa da lehen momentutik talde baten parte izatea; hala ere bakoitzak ikasteko duen erritmoa eta interesak ere izango ditugu kontuan”, jakinarazten dute Denat Batekoek.

“Dantza entseguak, beti ere boluntario baten ardurapean, zuzeneko musikarekin egiten dira. Gure lehentasuna da dantza eta musika oinarrizko programa bat izatea ikuskizunetarako prest egoteko”, zehazten dute. 2026-27ko tailerrak irailaren 12an hasiko dira, arratsaldeko 3etan. Entseguak larunbatero izango dira eta behar izanez gero beste egun bat ere jarriko da, emanaldi bati begira. Informazioa, hemen.

Euskara eskolak

Eta kultur eskaintzaren barruan euskara klaseak ere hasiko dira Tolosan. Irailaren 28an eskola irekia antolatuko da ikasleek programa eta irakasleak ezagut ditzaten. Ikasturtea, berriz, urriaren 5ean hasiko da. Gutxienez bi maila eskainiko dituzte: hasierakoa eta bigarren maila. Hala ere, ez dute baztertzen hirugarren maila bat irekitzea, ezta mintza-praktika saioak antolatzea ere, horren beharra ikusten badute. Informazio gehiago, hemen.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia