euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pariseko Euskal Etxeak martxoaren 7an abiatu zuen Korrika 24 Diasporan, ekitaldi ugari hil osoan: ikusi noiz eta non

2026/03/13

24. Korrika ospatzeko munduko deialdiak
24. Korrika ospatzeko munduko deialdiak

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. AEK elkartea antolatzaile Euskal Herrian, 1980ean eratu zen lehen aldiz Euskal Herri osoa zeharkatzen duen euskararen aldeko lasterketa. Hasiera ez zuen erraza izan, baina edizioz edizio, jende askoren ahalegin eta lankidetzari esker, ekimena zinez sendotu, hazi eta hedatu egin da. Izan ere, Euskal Herriko lurralde historikoetan ez ezik, Diaspora osoan ere egiten da eta 2026 honetan, 24. edizioan, Europako, Amerikako eta Asia-Ozeaniako hainbat euskal elkartek egingo dute bat proposamenarekin, aurten, estreinekoz, Caracas (Venezuela) eta Melbournen (Australia). Euskal Etxeen sareari, Etxepare Institutuaren unibertsitate eta irakurletza sareak antolatutakoak gehitu behar zaizkie, batzuetan elkarren lankide antolatuta.

Euskal Herrian, 24. Korrika martxoaren 19an abiatuko da Atharratzetik (Zuberoa) eta Bilbon (Bizkaia) bukatuko martxoaren 29an. Hamaika egun eta gauetan, bi mila kilometro baino gehiago egingo dituzte korrikalariek lekukoa eskuan, "Euskara gara” lelopean. Diasporan Korrika pare bat aste lehenago hasteko ohitura daukate, hain zuzen ere Parisen, bertako Euskal Etxearen eta hiriko euskal elkarteen eskutik, eta aurten ere hala egin zuten, martxoaren 7an, larunbata, programa berezi batekin, Euskal Etxea 70 urte betetzen ari baita. Egitarauak, Korrika kaleetan, errugbia tabernan, kontzertuak, taloak, kantuak eta irribarre ugari bildu zituen.


AEKren mapa, 2026ko Korrikak ekitaldiak izango dituen herri eta hiriak bilduz

Dagoeneko tradizio errotua bilakatu den Pariseko Korrikari, Korrika andanak segitu dio Diasporan barrena, hala nola Mallorcan (Illes Balears) eta Terrassan (Katalunia). Aurreneko karrera paristarra abiatzearen ondotik, asko dira munduko lekuak euren hondar alea plazaratzeko azken prestaketetan ari direnak, datorren asteburu honetan bertan, eta bereziki hilabetea bukatzeko geratzen diren gainerakotan, tartean korrika egitea eta petoak janztea eskatzen duten proposamenekin, baina baita ere hamaika kultur eta aisialdi ekitaldi eta elkarretaratze medio ere.

Hona gure erredakziorako iritsitako hitzorduen berri (zeurea faltan botatzen baduzu, idatzi  info@euskalkultura,eus-era):

Brusela, Belgika
Eguna: Martxoaren 14a
Programa: 14:30ean, Place Louis Morichar plein-en, Sint-Gillis (Bruselan). Bertan salgai “korrika kit”-a: peto ofiziala + sagardoa + pintxoak + Euskal Etxerako sarrera: 20 euro (Umeentzat 12 euro). 15ak aldera: Korrika. Kilometroa korritu eta gero, pintxo-pote euskalduna. 17ak aldera, jaia Bruselako Euskal Etxean (BEE). Parkean nahiz Euskal Etxean lortzen den diru guztia Korrikako kilometroa erosteko, eta beraz AEKri laguntzeko, izango da. Norbaitek ezin badu bertaratu, baina Euskal Etxeak erositako kilometroa (aurten 974. kilometroa) ordaintzen lagundu nahi badu, kontu korronte honetan sartu dezake dirua BE45 0689 4615 3989.

Bartzelona, Katalunia
Eguna: Martxoaren 21a, Passeig del Born-en
Programa: 10:30ean, Korrika txikia; 11etan, Korrika 24; 14etan, Can Batllora iristea; 15etan, herri bazkaria; 17etan, bazkaloste musikatua; 19etan, kontzertuak: Esanezin, Meison eta Xaribari. Informazio gehiago, hemen.

Buenos Aires, Argentina
Eguna: Martxoaren 28a
Programa: 18etan Korrika 24, Plaza de Mayotik Euskaltzaleak egoitzaraino; 19:30ean, trikipoteoa San Telmoko kaleetan barrena.

Necochea, Argentina
Eguna: martxoaren 14a
Programa: Goizeko 11etan, Av. Pinolandia eta Av 10etik, ibilbidea Euzko Etxeraino eta bertan hanburgesa batzuk partekatuko dira.  

Berlin, Alemania
Eguna: Martxoaren 21a
Programa: 13etan, Korrika 24 Moritzplatz-tik Milchbar-era. Ondoren, janaria eta musika.

Bremen, Alemania
Eguna: Martxoaren 22an
Euskal Etxe gazte honek eskarmentu ederra dauka Korrika antolatzen, EEaren aurretik ere egiten baitzuten. Ikusi hemen.

Montevideo, Uruguai
Eguna: Martxoaren 22a Programa: 16etan, Pocitos auzoan, ‘Montevideo’ dion kartel ondoan.

Montreal, Quebec
Eguna: martxoaren 21a. Arratsaldeko 1:30ean, "Centre des Musiciens du Monde" gunean.

Tokio, Japonia
Eguna: martxoaren 21a
Programa, 11:15etatik aurrera, Yoyogi parkean. Kilometro bat korrika egin ostean, bazkaria.

Madril, Espainia
Eguna: martxoaren 21a
Programa: Goizeko 9:30ean bilduko dira korrikalariak UCMko Filologia Fakultateko A eraikuntzan. 10etan, abiatuko dira honako ibilbide honekin: Avenida Complutense - Ciudad Universitaria metroa - Moncloa plaza - Isaac Peral - San Francisco de Sales - Guzmán el Bueno - Melquiades Álvarez- Jesús Maestro - Jesús Maestro Hizkuntza Eskola Ofizialean, geldialdia - Islas Filipinas - Bravo Murillo - Quevedo plaza - Fuencarral - Montera (Hotel Senator) (“Gernikako Arbola” kantatuko da) - Puerta del Sol (argazkia egingo da hartzaren eta gurbitzaren ondoan) - Alcalá - Cedaceros - Los Madrazo. 12:00etan (gutxi-gorabehera) Euskal Etxera iristeko (Jovellanos). Bertan Korrikaren adierazpena irakurriko dute. Dantzarien eta txistuarien emanaldia. Hamaiketakoa.

Viña del Mar-Valparaiso, Txile
Data: martxoaren 22a
Programa: Marina etorbideko 'Reloj de Flores' izango da elkargunea 9:30ean; 10eta, Marina eta San Martin etorbideetatik, 15 Norte-ra arte. 11etan, 'Padre Kepa Bilbao' Ikastetxeko musika banda.

Mexiko Hiria, Mexiko
Eguna: martxoaren 28a Informazio gehiago, hemen.

Cancun, Mexiko
Eguna: martxoaren 20a
Maya hizkuntzaren aldeko laugarren Korrika: 9etan, Conalep Ikastetxean - kirol pistan. Ekitaldiak Maya Herria eta Indigena Komunitateetarako garapen Institutuaren babesa du.

Caracas, Venezuela
Eguna: martxoaren 22a.
Caracasko Euskal Etxeak bat egingo du lehen aldiz Korrikarekin. Del Este Parkean, 5 kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek. Informazio gehiego, hemen.

Bogota, Kolonbia
Eguna: martxoaren 23a
10etan hasiko dira kamisetak banatzen Nazional Parkeko Torre del Reloj-en. 10:30ean, Korrika. 12etan, pintxopotea.

Barranquilla, Kolonbia
Eguna: martxoaren 29
Programa: goizeko 6:30etan ibaiaren malekoiko 'Cubo de Cristal'etik abiatuko dira hiriko Karibeko Euskal Etxeko lagunak. Barranquillako lehendabiziko Korrika izango da hau.

Lima, Peru
Eguna: martxoaren 29a
Programa: 10:30ean, Mirafloresko Malekoian. Korrika egin eta gero, bazkaria Euskal Etxean. Euskal Etxeko kideekin batera Global Training programaren bidez Limara iritsitako euskaldunek ere hartuko dute parte.

Trujillo, Peru
Eguna: martxoaren 29a
Programa: 9etan, Trujilloko Euskal Etxean, 5 kilometroko ibilaldi eta hitzaldia: euskara identitate ikur bezala. Los Herrajes kultur gunean.

Valentzia hiria
Eguna: martxoaren 28an
Valentziako Euskal Etxean. Programa: 11:30etan, pintxopotea eta trikitilariak; 12etan, herri jolasak; 13etan, Korrika; 14:30etan, herri bazkaria; 17etan, kontzertua: Leinu, ARRE-AK, Egoiliarra DJa. Informazio gehiago, hemen.

Bordele, Frantzia
Eguna: martxoaren 14
Goizeko 10:30ean, Cité du Vin-en. Martxoaren 19an, gainera, 20:06etan, Bordeleko Euskal Etxeak jasoko du lekukoa Korrikaren 47. kilometroan (Garris inguruan, Hasperren alderantz).

Londres, Ingalaterra
Eguna: martxoaren 28a
Programa: 12etan elkartuko dira, London Fields⁠-en. Korrika 12:30ean izango da eta 13:30ean, piknika. Martxoaren 27an, berriz,18:30ean, Laburbira euskal film laburrak, Goodinge Community Centre⁠-n. 

Dublin, Irlanda
Eguna: martxoaren 21a
Programa:
16etan hasiko da. Topagunea Garden of Remembrance-n izango da eta O’Connell Kalerik Merrion Plazaraino egingo dute korrika. Jaiak Dublineko pub batean (zehazteke) Merrion Square inguruan jarraituko du. Informazioa, hemen.

Boston, Massachusets, AEB
Eguna: martxoaren 28a
Programa: New Englandeko Euskal Etxeak deiturik, 14etan bilduko dira korrikalariak, Park eta Tremont kaleetan. 

Melbourne, Australia
Eguna: martxoaren 22a
Melbourneko Euskal Etxea den Basque Society of Victoria-ren lehen ekitaldi ofiziala izango da 24. Korrika. 12etan elkartuko dira Birrarung Marr parkean eta ondoren piknika egingo dute.

Argentinako hiriburutik kanpo antolatuko diren Korrikei buruz, FEVA ari da informazioa biltzen laster argitaratu ahal izateko.

TXAPELDUNAK: Bolognako Adriana Bracciale (Italia) eta Santiagoko Mario Felipe Cancino (Txile)
Bukatzeko, aste honetan plazaratu ditu Etxepare Euskal Institutuak bere Korrtka Bideo Lehiaketaren irabazleen izenak. Sariak Bolognako Adriana Bracciale (Italia) eta Santiagoko Mario Felipe Cancino (Txile) ikasleengana joan dira. Zorionak eurei eta parte hartu duten laghun guztiei! Informazio gehiago, hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia