Tres Arroyos, Argentina. Joan den igandean amaitu zen Tres Arroyosen Gariaren 57. Jai Probintziala, emaitza paregabez. Aurreko urteetan ez bezala, publikoaren berotasuna gehitu zitzaion eguraldi bikainari; lau eguneko egitarau oparoan, proposamen artistikoek, gastronomiak eta kultur jarduerek distira berezia izan zuten. Hiru Erreka Euskal Etxearen presentzia hasieratik nabarmendu zen. Inaugurazio ekitaldian, Milagros Colantonio bazkideak harro eraman zuen ikurrina agertoki nagusira, munduko beste hainbat banderaren artera, Udalak eta herriko erakundeek antolatutako ekitaldi jendetsuan.
Martxoaren 5etik 8ra bitartean, goi mailako ikuskizunek jendetza politya erakarri zuten. Alor artistikoari dagokionez, Hiru Errekako dantzarien emanaldiak txalo zaparrada jaso zuen: sagar bilketa eta sagardogintza bera dantzaren bidez kontatu zuen istorioa oholtzaratu zuten. Adin guztietako dantzariak tranpaldoratu zituzten, Sara Urbieta, Maia Jaureguibehere eta Pilar Urbietaren gidaritzapean. Dantza, ordea, ez zen ikusgarritasun eremu bakarra izan. Igandean, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Clyde Vizzolini del Hoyo Azpeitia omendu zuten Kolektibitateen Patioan. Hiru Errekak haren ibilbidea eta komunitatearen aldeko lana saritu nahi izan zituen, Pablo Garate alkatearen agurra ere jaso zuelarik.
Euskaltasuna eta euskera agerian
Aire zabalean jarritako euskal txosna ere jendearen gogokoena suertatu zen. “Jaialdian egotea oso positiboa izan da. Jende asko hurbildu da, espero genuena baino askoz gehiago!”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Myrian Hojbjerg Izurieta Hiru Errekako erreferenteak. Ehunka lagunek dastatu zituzten euskal etxearen klasikoak: urdaiazpiko eta txistorra bokatak, eta postrerako, euskal pastela eta goxua. Izan ere, agortu egin zen aurreikusitako ekoizpen guztia. Salmentaz harago, euskal kultura zabaltzeko aukera paregabea izan zen jaialdia. Hojbjerg lehendakari ohiak azaldu duenez, janaria eta dantza leiho aproposak izan ziren jendearekin euskal gaiez hitz egiteko, abizenen gaineko kontsultei erantzuteko eta, Alfredo Laborde irakaslearen laguntzaz, euskara zabaltzeko.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


