Paris, Frantzia. Artista, margolaria edo diseinatzailea zara eta gustura sortuko zenuke Pariseko Euskal Etxearen 70. urteurreneko kartela? Garaiz zaude, diseinu original bat aukeratzeko lehiaketa uztailaren 31ra arte baitago zabalik. Proposamen ederra dirudi edozein artistarentzat Frantziako hiriburuko EEan hain ospakizun esanguratsuaren den egun horretako afixa diseinatzea, horrek ekar dezakeen prestigio eta harrotasun puntuarekin, ekitaldi berezi horretako kolaboratzaile baliotsu bihurtuta. Ohar garrantzitsu bat: adimen artifizialarekin sortutako lanak EZ dira onartuko.
Aipatzekoa da berez urteurreneko ospakizunaren data urriaren 4a dela. Beste hainbat euskal etxeen kasuan bezala, Parisekoa erakunde engaiatua da, bere iragan oparoari gisa bereko etorkizuna ematen ahalegintzen dena, gogoz eta borondatez, bere betiko balore eta oinarri berberetan oinarrituta, hala nola, Euskal Herria eta euskal kulturarekiko maitasuna, elkartasuna eta auzolana, eta Pariseko euskal komunitateari zerbitzurik onena eskaintzea, euskaldunen ordezkari duin gisa jardunez.
Kartela sortzeko, estilo guztiak ongi etorriak dira —pintura, diseinu grafikoa, collagea— eta erakundeak sormenaren akuilu izan nahi luke eta hori ere baloratuko du artelanean. Kolore multzoari dagokionez ere askatasuna ematen du: gorria, berdea eta zuria ongi etorriak dira, baina "koloreen edozein erabilera ausarta" sustatzen du.
Begi onez ikusiko da kartelak, lankidetza izpiritua, jai giroa eta elkarlanaren garrantzia transmititzea, aldi berean, Pariseko Euskal Etxeak adierazgarri duen euskal sustraiekiko harrotasuna islatuz.
Lan irabazlearen saria, sari apala baina jasoko duen artistarentzat esanahiz betea izan daitekeen zerbait da; gonbidapen bat, izan ere, urriaren 4an 70 urte horiek ospatzeko egingo den afarirako bi lagunarentzako txartela, opari saski batekin batera, kartelak iragartzen duen hitzordurako partaidetza.
Interesatuta bazaude eta deialdian parte hartu nahi baduzu, idatzi xehetasun gehiago eskatuz edo zuzenean zure lana bidaliz pee70ans@gmail.com helbidera. Ez ahaztu azken eguna uztailaren 31a dela.
Zorte on, eta mila esker lankide izateagatik!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


