euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal gizataldeak bat egin zuen ‘integrazioa eta elkartasuna’ ezaugarri izan zituen ‘Buenos Aires Celebra’ jaiarekin

2021/11/26

Jaialdia ezberdina izan zen baina publikoak ez zuen betiko kalejira falta bota (argazkia Iñaki Aguirre)
Jaialdia ezberdina izan zen baina publikoak ez zuen betiko kalejira falta bota (argazkia Iñaki Aguirre)

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires hiriak 'Buenos Aires Celebra'ren edizio desberdin bat ospatu zuen igandean. Koronabirusa agertu aurreko edizioetan, 'Buenos Airesek EH ospagai'k jendetza handiak bildu ohi ditu hiriburuko Laurak Bat koordinatzaile eta hiriko zein probintziako hainbat euskal etxe eta erakunde partaide. Aurtengoan, berriz, eta osasun neurriak tarteko, asko kostatu zaie ekitaldi presentzialei itzultzea eta, BACen kasuan, erabaki zen erakusle parte hartzeko gonbitea bakarrik hiriko euskal taldeei luzatzea.

Aldi berean, 2021ean herrialde edo gizatalde bakoitzak ez du bere BAC propioa egin ahal izan eta joan den igandean hamahiru izan ziren deialdi berean partaide bildu zirenak: Guatemala, El Salvador, Ekuador, Japonia, Mexiko, Venezuela, Errusia, Haiti, Bolivia, Euskal Herria, Bielorrusia, Kuba eta Dominikar Errepublika. Euskal standean, azkenik, lankide bildu ziren FEVA, Euskadiren Ordezkaritza(Sara Pagola), Euskal Echea Ikastetxea, Iparraldeko Euskal Etxea eta Buenos Airesko Nafar Etxea.

Kultur-sukaldaritza standak, berriz, Laurak Bat eta Euskaltzaleak euskal etxeen esku egon ziren eta baita dantzak, danborrada eta abesbatza ere. Ekimen komertzial batzuek ere hartu zuten parte, tartean 'Gure Gutiziak'en standak --Udalaren errekonozimendua ere jaso zuen bere aurkezpen eta antolaketagatik; 'El Mundo' esnekienak, bertako buru Alberto Ospitalek bisitarien hitz politak baino bildu ez zituela; edota ‘Donosti’ eta ‘Gernika’ izenpeko txokoak,keeztatu, odolki, txistorrak-eta bestelako jaki eta ezkoizpenak eskaintzen.


[Bildutako euskal etxeko lagunak kalejira batean batu ziren (bideoa Iñaki Aguirre)]

“Kontent gaude, ezberdina izan zen, baina oso pozik gaude bizi izandakoarekin”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Arantxa Goikoa Laurak Bateko lehendakariordeak. “Antolakuntza lanetan batera aritu ginen gizatalde guztiak eta geu Argentinan dagoen kolektibitate zaharrenetako bat izanik, honek geroago iritsitako beste gizatalde batzuengana hurbiltzeko aukera eman zigun. Eginkizun bat genuen: jaialdia aurrera ateratzea eta polito egin genuen, laguntasun handiz gainera”.

“Eguna –2021 honek utziko digun beroenetako bat zalantzarik gabe– baikor garatu zen parte hartu genuen guztiontzat, batez ere Buenos Airesko publikoarekin berriro elkartzeko aukera eman zigulako. Igandean nazio bat gehiago izan ginen, gu geu, geure ezaugarriekin; dudarik ez da elkarrekin aritzeak aberastu egiten gaituela, pertsona zein kultura gisa”, hausnartzen du Goikoak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia