euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Legatua eta Ondarea” proiektua: basoketa Tandilen eta Gernikako Arbolaren kimuak bidaiatzen Argentina osora

2021/11/26

Haritzaren kimuak banatzen hasi dira aurten Gure Etxea euskal etxeko kideak
Haritzaren kimuak banatzen hasi dira aurten Gure Etxea euskal etxeko kideak

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Gernikako Arbola oso ikur garrantzitsua da euskaldunentzat, bai Euskal Herrian, bai Diasporan, eta asko dira munduan kimuak hazten dituzten euskal etxe eta komunitateak. Atxikimendu horretako partaide, Santiago Benavidez eta Marcos Castillón Tandilgo 'Gure Etxea' euskal etxeko zuzendaritza batzordeko kideak "Legatua eta Ondarea - Zuhaitz Ondoan" proiektuari forma ematen hasi ziren 2017an, basotze proiektu bat, Gernikako haritzaren kimuak ernatu eta landagai zabaltzeko asmoarekin.

Planak 2019ko martxoan hasi ziren jartzen abian, Gure Txokoko beste bazkide bat, Sebastian Elissondo, proiektura bildu eta hiruron artean Euskal Etxearen aurreko plazan dagoen haritzaren ezkurrak biltzen hasi zirenean. Geroatik, ongi zaindu eta denbora eman ondoren, handik sortutako kimuak prest egon dira aurten birlandatu eta lurretara pasatzeko. Guztira 150 ale lortu dituzte, eta banatzea eta Argentinako euskal diasporan landatzea ipini dute helburu.

Zeure Gernikako Arbola zaindu

Era batera edo bestera euskal etxeekin lotura duten pertsona edo erakundeek eskura ditzateke haritzak, landatzeko leku egokia badute, gaur egun kimu den ale bakoitza zaindu eta denborarekin zuhaitz heldu bihur dadin. Gainera, erregistro bat sortu dute, jabearen izena, kokapena eta zuhaitz-zenbakia jasota gera daitezen, ondoren jarraipena egiteko.

Bidaiatu ziren lehenengo bi kimuak, lehenengoa Tandilgo Begoñako Andre Mariaren parrokiara joan da, eta bigarrena, De La Canalgo eskolara honen 125. urteurrenean. Marcos Castillónek Euskalkultura.eus-i esan dienez, asmoa ez da bakarrik Tandil aldean geratzea, diasporako kideen artean banatzea baizik. Adibidez, eskabideei erantzunez, bat Juninera, beste bat Linierseko merkatura. Egun posible da jarraipena geolokalizazio bidez egitea, eta Arbola eta bere kimuen genealogia-zuhaitz moduko bat osatzea, edozein momentutaneuren berri izateko.

Proiektuak luzarora asmo handiagoko helburu bat ere baluke: Tandilen “Euskal Plaza” bat eraikitzea eta bertako berdegunean 30 kimu inguru birlandatzea. Horretarako, Tandilgo Udalarekin ari dira hizketan, hirian lursail bat utz diezaieten. Amets lukete bertan Gernika murala eta frontoi bat kokatzea, toki publiko hori Tandilgo euskal jatorrizko guztien eta oro har herritarren arnasgune eta inspirazio leku bilaka dadin.

Informazio gehiago, hemen.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia