Mexiko hiria, Mexiko. ‘Getxoko postalak’ (Postales de Getxo) izenburuko abesti zikloa joan den larunbatean, ekainaren 14an, aurkeztu zuten Estíbaliz Igea abeslari nafarrak eta Karina Peña musikari mexikarrak, Mexikoko Euskal Etxean. Bost abesti originalek osatzen dute zikloa, izen bereko herri bizkaitarrean inspiratuta, eta erritmo ezberdinekin, “habaneratik zortzikora”, azaltzen dute artistek. Abestiak gaztelaniaz daude –lanean ari direla euskaratzen, euskaraz ere grabatu ahal izateko, adierazi dute– eta laster plataformetan egongo dira entzungai.
'Getxoko postalak' zikloko 'Fuerte de la Galea' eta Esparza Oteo musikari mexikarraren 'Dime que sí' abestien zatiak
‘Getxoko postalak’ Getxoko Udalak 2021ean irekitako deialdi baten inguruan sortu zen. Estíbaliz Igeak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “deialdiak dirulaguntza bat eskaintzen zuen kultura sormena egiteko eta karia horretara guk ziklo hau egiteko proposamena aurkeztu genuen: Karina Peñak egin zuen musika eta nik letrak. Gero dirulaguntza lortu genuen eta proiektua gauzatu ahal izan genuen. Lankidetza polita izan zen, Getxo eta Mexikoren artean, distantzia gorabehera”, adierazi digu sopranoak.
Mexikoko Euskal Etxean eskainitako emanaldian ‘Postalak’ abesteaz gain, bikoteak Euskal Herriko errepertorioko klasiko batzuk –tartean 'Haurtxo Polita'– eta Astor Piazzollaren ‘Los pájaros perdidos’ ere taularatu zituen. “Piazzollaren kantarekin sari bat irabazi genuen, hau ere Getxon, pandemia garaian Getxoko Udalak antolatutako “Getxo balkoiak" izeneko lehiaketan”, azaldu digu Igeak.
Bideoan, 'Haurtxo polita' eta 'Los pájaros perdidos'
“Ni Iruñean jaio nintzen baina lotura familiarra daukat Mexikorekin eta urte batzuetan hemen bizi izan nintzen. Hori dela eta harreman estua dut Karinarekin eta askotan egin genuen lan elkarrekin. Eta horregatik ere nahi genuen ‘Postalak’ Euskal Etxean aurkeztu. Iñigo Bilbao lehendakariak gainera primerako harrera egin zigun”, jakinarazi digu. Eta ‘Getxoko Postalak’ aukezteko bigarren data bat antolatzen ari diren bitartean, sopranoak ekainaren 25ean eskainiko beste errezital bat eskainiko du Mexiko Hirian, oraingo honetan Luis Maria Bilbao artista bilbotarrarekin.
Artistei buruz
Estibaliz Igea Erviti Iruñeko nafarra da. Historia eta kantuan lizentziaduna da, Bartzelonako Lizeoko kontserbatorioan. Milanen ikasi zuen Anatolij Goussev eta Cecilia Albanese maisu-maistrekin. Bertan Carlottarena egin zuen F. Léhar-ren “Libelulen dantza” ikuskizunean, Aleardo Cagliari zuzendari. Mexikon, INBAk gonbidaturik, zarzuela batzuk taularatu ditu eta Traviataren bertsio bat Auditorio Nacionaleko Lunario-n. "Chin chan chun" zarzuela mexikarraren berrestreinaldian ere hartu zuen parte 'Medinaceli' Jaialdi Lirikoan.
Karina Peña mexikarra da eta 6 urterekin hasi zuen bere musika formakuntza. Kontserbatorioan musika-konposizioa ikasi eta ibilbide luzea dauka izen handiko musikariekin Mexikoko zein nazioarteko aretoetan joz. Mexikoren ordezkari izan zen Japoniako “Junior Original Concert”en, Mexikoko Umeen Ospitaleko Ereserki Lehiaketa irabazi zuen, eta lan irabazlea Fox presidentearen aurrean jo ahal izan zuen. Zinema, antzerkia, dantza eta ikus-entzunezkoentzako musika ere egiten du eta Ollin Yoliztli Kultu Zentroko pianista da.