euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma, Necochea eta Montevideotik, Berlin, Brusela edo Boisera: San Juan su eta festak munduko euskal etxeetan

2025/06/19

Argentinan, Pergaminoko Lagun Onak San Juan jaia ospatu du eta asteburu honetatik aurrera, askoz ere gehiagok egingo dute.
Argentinan, Pergaminoko Lagun Onak San Juan jaia ospatu du eta asteburu honetatik aurrera, askoz ere gehiagok egingo dute.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Sua, dantza, musika eta, nola ez, gehienetan plater goxoak elkarrekin hartzeko, ezinbesteko osagai dira egunotan mundu osoan hainbat euskal etxetan egingo duten San Juan (San Joan, Jondoni Joanes, Donibane, Doniene) Gaua ospatzeko. Euskal Herriko hainbat lekutan herriko jaiak, santuaren jaiotzaren bezperan ospatzen da San Juan Gaua, baina bere zati garrantzitsu batean solstizioa gogoratzen duen jai tradizionalari lotua da. Ohi bezala, Diasporan  ekainaren 24ko bezperaren inguruan ospatuko da, batzuk lehenago, beste batzuk beranduago. Goiztiarrenen artean, Argentinan, Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeak San Juan Jaia joan den larunbatean egin zuen, ekainaren 14an, euskal dantza eta musika, zorion agiantza eta sua nagusi.

Hiriburu argentinarrean, Iparraldeko Euskal Etxeak, urte askoan egin ohi zuena berreskuratuz San Juan Eguna ospatuko du berriro ere, baina oraingoan, horixe, egunez, eta arratsaldean. “Sorgin Te” baterako deia egin du, ekainaren 28an, larunbata, 17etatik 20etara, arratsalde bat kantuz eta zozketekin partekatzeko, Euskaltzaleak-eko abesbatza partaide. Arropa beltzez edo sorginez jantzita azaltzea proposatzen dute. Chivilcoy-n, Beti Aurrera Euskal Etxeak antolatzen duen Sorgina Erretzea, ekainaren 22an izango da, 16etan. Gonbidapenak, erre nahi duten panpina eta matea eramatea proposatzen die bertaratzeko asmoa dutenei, erronda batzuk partekatzeko. Txokolate beroa eta musika ugari ere programako parte.

Tres Arroyoseko Hiru Errekak ekainaren 28ko gauean gauzatuko du bere jaia. Hitzordua, 19etan da, Euskal Plazan. Musika izango da, dantzariek euskal dantza ikuskizuna eskainiko dute eta, tripa zorriak astintzeko, txistorra, euskal pastela eta beste kutixia batzuk egongo dira afaritzat eskuragarri. Hegoalderago eta kostaldean, Necocheako Euzko Etxeak egutegian gorriz markatua duen bere San Juan Gaua ospatzera deitu du. Ekainaren 20an, ostirala, 20etatik aurrera, Euskal Etxe aurreko plazatxoan bilduko dira sua piztu eta festari ekiteko. “Ekarri zure gurariak papertxo batean eta bota izazu garretara", gonbidatu dute. Erromeria, musika, dantza eta, hotzaren aurrean aringarri, txistorra zerbitzatuko dute.

Cipolletti-n, Baskos de la Confluencia Euskal Etxeak San Juan sura gonbidatu du ekainaren 21ean, larunbata, 18etan, Nicaragua 3220an, Jardines del Sol auzoan. Panpinak, desioak dituzten kartelak edo, besterik gabe, erre nahi dena, ongi etorria izango da gau magiko horretan piztuko duten sua elikatzeko. Patagonian hegoalderago, Viedma eta Carmen de Patagoneseko Aberri Etxeak ekainaren 28, larunbata, deitu ditu bertako herritarrak, 18etan, San Juan festa programapean elkarrekin afaltzeko. Menua, Bildotsa Txilindron erara eta postre goxo bat, iragarri dute. Txartelen salmenta hasi dute; beraz ez gehiago geroratu eta eskuratu zurea lehenbailehen!

  
Pergaminon, Lagun Onak-eko haur eta helduek suaren inguruan dantzatu eta argazki hau atera zuten

Montevideon, urtero legez, Haize Hegoak kalean eta suaren inguruan dantza egitera gonbidatu du, Eusko Indarra taldearen eskutik. 19:30etatik aurrera izango da, Isabela 3475 B helbideko bere egoitzaren ondoan. Magia, desioak, berrikuntza eta itxaropena aldarrikatzen ditu, eta baratxuri zopa banatuko dute. Trujillon, Trujilloko Euskal Etxeak, San Juan Eguna eta Inti Raymi solstizioa ospatuko ditu larunbatean, ekainaren 21ean, Beneficencia Aretoan, 10etan hasita, San Juan-Solsticio-Inti Raymi jaiari buruzko erakusketa tematiko batekin.

Berlinen, Gernika Kulturverein Euskal Etxeak "Sant Xoan gaua" ospatzera gonbidatzen du larunbatean, ekainaren 21ean, 17etatik aurrera, bertako 'De Berlín Son' elkarte galiziarra eta 'Castellers de Berlin' elkarte katalanarekin batera. "Gazteluak, sua, dantza, musika, janaria, edariak, eta giro zoragarria" agintzen dituzte. Sarrera doakoa izango da, eta janaria eskainiko badute ere, etxetik zerbait ekartzea gomendatzen dute, izan ere, ez baitakite “denentzako sardina nahiko iritsiko den". Teepeelandek edariak zerbitzatuko ditu tabernan prezio merkean.

Bruselan, Bruselako Euskal Etxeak eta bertako Casal Catalàk elkarrekin deitu dute urteko gaurik labur eta magikoena ospatzera larunbatean, ekainaren 21ean, La Vallée-n. Haurrentzako eskulan tailer bat hasiko dute 18etan, eta 18:30ean, auzoko kaleetan zehar Trikipoteoa izango da. Afari tradizionala partekatuko dute eta 21:30ean, musika eta dantza ikuskizun bat abiatuko dute, trikitilariak lagun. Hitzordua bukatzeko, 22:30etik 03etara, DJ Síndria-ren eskutik, gazte festa baten tenorea izango da..

Boisen, hiriko Euskal Museo eta Kultura Etxeak San Juan ospatzeko modu berezi bat proposatu du aurten. Ekainaren 24an, asteartez, 18etan hasita, musika, argazki erakusketa bat, San Juani buruzko informazioa prestatu dute Basque Block-en, baita Marianne Schaffeld euskal boisetar artistak emango dituen raku zeramika ikastaroak ere. Edariak eta janaria erosteko aukera izango da bertako Leku Ona taberna eta jatetxean. Hala ere, hemen ere etxetik ekartzea ere ongi etorria izango da, euskal estilokoa bereziki, gainerako bertaratutakoekin partekatzeko. Arropa gorri eta zuria edo euskal jantziak luzitzea gomendatzen diete partaideei.

Homedale herri idahotarrean, berriz, San Juan Eguna (sic) festa bereziki estimatua da bertako biztanle euskaldun eta ez-euskaldunen artean. Bertako Toki Ona Euskal Etxea antolatzaile, ekitaldia euskal elkartearen egoitza eta berdeguneetan egiten da, aire zabalean. Aurtengoan, ekainaren 21ean, larunbata, gauzatuko da, eta sua piztearekin batean ilunabarrean, eguna Mus Txapelketa batekin hasiko dute, geroago Boiseko Oinkari Dantzariak eta bertako Herribatza Dantzariak taldekoak taularatzeko, eta Txantxangoriak euskal musika eskola boisetarreko partaideen jardunaz gozatzeko. Beste hainbeste Triki Taka Stomp taldearen entzuteko eta dantzeko erritmoekin. Programako gailurra, sua piztua, dantzariek San Juan Zortzikoa eskaintzen dutenean.

Munduan beste hainbat euskal etxetan ospatuko da, batera edo bestera, San Juan Gaua. Ospakizunetako asko, gure agendan topatuko dituzu. Ohi bezala, hitzordu bereziren baten berri eman nahi badiguzu, idatzi info@euskalkultura.eus-era.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia