Rionegro, Antioquia, Kolonbia. Aurten urte hasieran onartu zuten ofizialki Nafarroako Gobernuko Kanpoko Nafar Komunitateen Kontseiluak eta Gobernuak berak Kolonbiako "Casa Vasco Navarra de Antioquia". Elkartea berez, ondorengo ziren 75 lagunek sortu zuten 2023ko urrian", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Oscar Hernan Urrea Aristizabal kide fundatzaile eta egungo presidenteak. "Beste berrogeita hamar bat kidek ere atxikimendua adierazi zioten proiektuari. “Hasierakoez gain, kolaboratzaileak ere baditugu, aktiboak asko, ez hain aktiboak beste batzuk”, diosku Urreak.
Poliki poliki taldea leku bat ari omen da bereganatzen komunitatean eta ez dute baztertzen udalaren bidez Rionegron bertan (Antioquia ekialdea) egoitza bat lortzeko aukera. 2023an sortu bazuten ere, iaz hasi zen euskal etxe berria euskal kultura zenbait esparrutan zabaltzen, maila nazionalean, eskualdean eta erakunde pribatuetan, segitzen du azaltzen Urreak. Tokiko unibertsitateekin harremanak sendotzeaz gain, 2025eko urrian María Victoria Aramendia Azanza margolari eta arte-kritikariaren lehen erakusketa bat inauguratu zuten Museo de Arte Rionegro-MAR museoan.

Erakusketarekin bat, euskal sukaldaritzari buruzko hitzaldia eskaini zuen elkarte berriak
Ekintza hau aitzaki, euskal gastronomiari buruzko hitzaldia ere eskaini zuten, Francisco de Sancho sukaldariaren eskutik, eta euskal plater batzuk azaldu eta aurkeztu zituzten. Bildutakoek menua dastatu zuten eta euskal musikaz eta kantez gozatu. Irunen jaiotako eta Kolonbian 50 urtetik gora bizi izan zen Aramendia Azanzari beste omenaldi bat egitekotan dira aurten, margolariak berak ondare gisa utzitako margolanen erakusketa bat, hain zuzen.
Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren onarpenaren zain da elkarte berria, eta bitartean aurrera jarraitzen dute planekin. Hasteko, Pascual Ruiz Uribe Medellíngo artista plastikoaren arte erakusketa bat ari dira prestatzen Rionegro-ko Politeknikoan. Zenbait ikerketetan ere murgilduko da elkartea euskal edo nafar jatorria duten izen handiko kolonbiarren pertsonaia eta historiak ezagutarazteko, tartean politikari eta militarra izan zen Pascual Bravo Echeverri, edo José Joaquín de la Virgen del Carmen Arteaga San Julián misiolaria..Ekinbide gisa, Kolonbiako eta Hego Amerikako beste euskal etxe batzuekin harremanetan jarri dira eta loturak sendotu nahi dituzte, euskal kulturaren adierazpenak modu koordinatuan eskaini ahal izateko, euskara, euskal dantzak eta musika ekimkenak barne.
- Antioquiako Euskal-Nafar Etxea Instagramen, casavasconavarradeantioquia

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


