Quintana Roo, Mexiko. 2019. urtean egin zen Korrika lehen aldiz Cancun-en. Geroztik, mantendu ez ezik, indartu ere egin da euskararen alde lan egiten dutenen eta maya hizkuntza babesten dutenen arteko harremana. Izan ere, aurten ere iritsi egin da Korrika Cancuneraino; lasterketa martxoaren 20ean egin zen Quintana Roo Estatuko El Meco gune arkeologikoan, eta lortutako oihartzuna ikusita eta AEK laguntzaile, datorren edizioari buruz jarri dira eta 2028an egingo den 25. Korrikaz hasi dira pentsatzen maya hizkuntza eta kultura sustatzen dituen jende talde bat.
Aurtengo Korrikarekin bat joan den martxoaren 20an egindako ekitaldian –egun berean udaberriko ekinokzioa ere ospatu zuten bertakoek– maya hizkuntzarekin lan egiten duten erakunde batzuetako ordezkariak bildu ziren Alex Egia irakasle eta ekile euskal-mexikarrarekin, lankidetza eta etorkizunari begirako aktibitateak mahaigaineratzeko. Alex Egiak bitartekari lana egiten du maya hizkuntza eta kulturaren eta euskarak zenbait arlotan egina duen bidetik ikasteko gogoen artean. Bertakoek interes handia adierazi dute AEKrekin lankidetza garatu eta pauso berriak ematearen aldera.
Elkarren aberasgarri
Ildo horretatik, eta hurrengo Korrikari begira, Universidad Intercultural Maya (Maya Kulturarteko Unibertsitatea) elkarlan ildo berriak pentsatzen hasia da bi urte barru garatuko den 25. Korrikarekin bat egiteko planetan. Gertutasun horren testuinguruan eta bide urratzaile egin zen joan den apirilaren 30ean, Lázaro Cárdenas Udaleko ‘Asuntos Indígenas’ koordinatzailea, Conafe INMAYA erakundea eta Korrika Maya taldearekin batera, maya hizkuntzaren aldeko lasterketa, hizkuntzaren erabilera indartzeko udalean eta komunitateetan.
AEKak utzitako peto eta kartelekin eta bertako haur eta ikasleek berek egindako pankartekin, Rafael Ramírez Castañeda Eskolako neska-mutilek hartu zuten parte Korrika Maya-n.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


