euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinan da Ibone Bengoetxea lehendakariordea, Villa Mariako 2026ko Euskal Aste Nazionalean partaide izateko

2026/10/09

Ibone Bengoetxea lehendakariordea gaur goizean Córdoba probintziako Martín Llaryora gobernadorearekin (argazkia Irekia)
Ibone Bengoetxea lehendakariordea gaur goizean Córdoba probintziako Martín Llaryora gobernadorearekin (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaburu hartuko du parte aste honetan Villa Marían ospatzen ari den Euskal Aste Nazionalean (SNV). Bengoetxearen bisita, urriaren 8tik 18ra luzatuko da eta Argentinarekin batera Uruguai re ebisitatuko du bere azken zatian, euskal komunitateekiko loturak sendotzearren eta Euskadiren nazioarteko proiekzioa indartzeko helburuz. Euskal Astean partaide izateaz gain, Córdoban eta Buenos Airesen bisita instituzionalak egingo ditu eta Euskal Pilotako Munduko Txapelketarekin lotutako ekitaldietan ere hartuko du parte, Euskal Selekzioa ofizialki lehiatuko du lehen aldi honetan.

Bengoetxearekin batera joango da Ander Caballero, Kanpo Harremanetarako eta Global Basque Countryrako idazkari nagusia eta Euskaditik bertaratuko den ordezkaritzan, halaber, Ziortza Olano Astigarraga egongo da, Atzerriko Euskal Komunitatearentzako zuzendaria. Villa Mariara joan aurretik, Lehendakariordea Martín Llaryorarekin, Córdobako probintziako gobernadorearekin bilduko da, eta probintziako legegintzaritza-egoitza bisitatuko du.

Euskal Astean partaide

Villa Marían dagoela, Bengoetxeak Euskal Aste Nazionaleko zenbait ekitalditan parte hartuko du, hala nola euskarazko eta gaztelaniazko euskal liburuen aurkezpenean, eta hitzaldi bat emango du baita ere Euskadiko egoera politikoari buruz, eta gogoan eta hizpide izango du lehenengo Eusko Jaurlaritzaren sorreraren 90. urteurrena, azken hilabeteotan, baina bereziki hilabete honetan ospagai. Jaurlaritzatik agertu dutenez, bisitak balio izango du, halaber, Argentinako euskal etxeek eta euskal komunitateek egindako lana aitortzeko eta nabarmentzeko; euskarri izan baitira historian zehar euskal hizkuntza, kultura eta nortasuna bizirik mantentzen.

Lehendakariordearen agenda ofizialean Buenos Aires hiriko hainbat ekitaldi ere sartuko dira; hiriburuan, Euskal Pilotako Munduko Txapelketaren inaugurazio-ekitaldian hartuko du parte. Txapelketaren edizio honek garrantzi historikoa izango du euskal kirolarentzat; izan ere, Euskal Selekzioak Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren aldetik aitortza formala jaso ondoren modu ofizialean lehiatuko den lehen aldia izango da. Guztira, 41 kirolarik —gizon zein emakume— parte hartuko dute frontoiko hainbat modalitatetan.

Babesa ematen Euskal Selekzioari

Urriaren 13an, Lehendakariordea Euskal Selekzioaren harrera ofizialeko buru izango da Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean. Ekitaldiaren helburua, taldea eta euskal kirolak nazioartean duen proiekzioari egindako ekarpena aitortzea da. Argentinako hiriburuan egonaldia egiten duela, Bengoetxeak lan-bilerak egingo ditu Gabriela Ricardes Buenos Aires Hiri Autonomoko Kultura ministroarekin eta Pablo Bereciartua Mugikortasun ministroarekin. Bilerok esperientziak partekatzea ahalbidetuko dute kultura, politika publikoak eta hiri-kudeaketa bezalako arloetan, eta, aldi berean, bi administrazioen arteko lankidetza-bide posibleak identifikatuko balio izango dute.

Argentinako bisitaren ondoren, Lehendakariordeak Uruguain amaituko du bere bidaia ofiziala. Bertan, erakundeen arteko harremanak eta Euskal Herria Hego Konoko euskal komunitateekin lotzen dituzten lotura historikoak sendotzea izango du ardatz bere agendak. Aurreikusita dago Colonia del Sacramentoko Real de San Carlos pilotaleku historiko berritua berriz irekitzeko ekitaldian parte hartzea; bertan, Euskal Selekzioak jokatutako hainbat partida ere ikusiko ditu. Bisita horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du euskal diasporarekiko eta Euskal Herriaren nazioarteko proiekzioarekiko duen konpromisoa, kulturan, hizkuntzan, kirolean eta erakundeen arteko lankidetzan oinarritutako harreman-sare globala sustatuz, adierazi du exektutiboak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia