Bilbo-Bizkaia. Bilbotik, Fair Saturday Fundazioak eskaintza berezi bat luzatu nahi die munduko Euskal Etxeei, aurten lehen aldiz ‘Ura Bere Bidean’ ikuskizun erraldoi ederra Diasporako elkarteengana streaming bidez eta modu esklusiboan helaraziz, bertatik ere ikusi eta parte hartu daitezen. ‘Ura Bere Bidean’ kontzertuak, belaunaldi, estilo eta ibilbide askotako euskal artista ospetsuak biltzen ditu Bilboko Bizkaia Arena aretoan —Euskal Herriko edukiera handiena duen areto estalia— bertaratzen diren artistek edizio bakoitzean euskal musika-ondareko abesti enblematikoenak berrinterpretatzen dituztela, 70eko hamarkadatik gaur egunera artekoak, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koru Elkartea lagun, Fernando Velázquez konpositoreak propio sortutako bertsio sinfonikoen bidez.
Kontzertuak hiru data izango ditu aurten, urriaren 22an, 23an eta 24an, hurrenez hurren, Barakaldoko BEC Bizkaia Arena aretoan, honako hauek izango direla oholtzara igoko diren abeslari eta musikariak: Mirua, Maruxak, Tatta, Merina Gris, Dupla, Olaia Inziarte, Hofe, Bengo, Sara Zozaya, Judith Neddermann, Shinova, En Tol Sarmiento, The Uskis, Lendakaris Muertos, Betizu Taldea, Eñaut Elorrieta, Zea Mays, Betagarri, Alaitz eta Maider, Pasión Vega, Xabi Solano, Deabru Beltzak, Doctor Deseo, Evaristo, Niko Etxart, Joselu Anaiak, Gontzal Mendibil eta Pantxoa eta Peio, eta gehiago, sorpresak ere izango baitira, aurretik adierazi gabeko kantari eta musikariak partaide.
Engaiamendua Diasporarekiko
Eta Diaspora ere parte izan dadin, eta Euskal Etxeek eta atzerriko euskal komunitateek “euskal kultura, hizkuntza eta nortasuna elkartzeko, transmititzeko eta zaintzeko gune gisa betetzen duten funtsezko euren lana” nabarmentzeko asmoz, eta ikuskizunean euren egoitzetatik parte hartu ahal izan dezaten, urriaren 24ko kontzertua streaming bidez eta modu esklusiboan ikusteko aukera eskaini die fundazio antolatzailek munduko euskal elkarteei, musutruk, EEan elkarrekin pantaila baten inguruan ikus dezaten “Esperientzia hau urrutitik kontzertu bat ikustea baino askoz gehiago izatea nahi genuke: zuen komunitatea elkartzeko, kultura-esperientzia paregabe bat partekatzeko, euskal musika elkarrekin ospatzeko eta ‘Ura Bere Bidean’ ikuskizunaren estreinaldiko parte sentitzeko aukera izatko”, adierazi dute.
Harrera ederra izaten ari da gonbitea eta transmisioa eskainiko duten euskal etxeen zerrenda osatzen ari da oraindik egunotan. Izena emateko epea zabalik dago oraindik eta parte hartu eta euren pasea eskatu nahi duten Euskal Etxeek, euren egoitzetan proiekzioak antolatuz, galdetegi hau bete baino ez dute egin behar.
Gogora dezagun kontzertuaren antolatzailea, Fair Saturday Fundazioa, 2015ean Bilbon sortutako kultur fundazioa dela, artearen eta kulturaren bidez “gizarte bidezkoagoa, gizatiarragoa eta sentiberagoa” sustatzea helburu duena. Hainbat tokitako artistak, erakundeak eta komunitateak elkartzen dituzten kultur eta gizarte proiektuak sortu eta bultzatzen ditu, “kultura, entretenimendu soilerako ez ezik, gizartean eragina sortzeko ere ulertuz, identitateak indartzeko, loturak eraikitzeko eta, batzuetan, milaka kilometrora dauden errealitateak hurbiltzeko tresna gisa”.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


