euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Xabier Irujo BSUko Eloise Garmendia Katedran mintzatuko da, Gernika, nobela historikoa idaztea eta Egurtxiki hizpide

2022/02/15

Egurtxiki (ezk) eta Irujo (esk). Datorren astetik aurrera, hitzaldiak BSUn eta Boiseko Euskal Museoan Gernikako bonbardaketa ardatz
Egurtxiki (ezk) eta Irujo (esk). Datorren astetik aurrera, hitzaldiak BSUn eta Boiseko Euskal Museoan Gernikako bonbardaketa ardatz

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Etxepare Euskal Institutuak Boise State University-n (BSU) sustatzen duen 'Eloise Garmendia Bieter Katedra'k hitzaldi sorta bat iragarri du datorren asteko ostiraletik aurrera, Katedrako 2022ko titularra izango den Xabier Irujo doktorearen eskutik. Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroko zuzendari den Irujok Gernikako Bonbardaketaz idaztea eta fikzio historikoa lantzea aletuko du, Gernikan gertatutakoaz jardutea adibide edo adierazpide harturik.

Unibertsitateko aretotan eskainiko diren bi lehenengo saioen ondotik, Irujok hirugarren bat emango du Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxean Egurtxiki idahotarraz. Gogora dezagun William Smallwood 'Egurtxiki'k Idahon bizikide zeukan euskal komunitatea medio ezagutu zuela Gernikako Bonbardaketaren berri eta euskara ikasi eta bertara joatea erabaki zuela 1972an, zuzenean elkarrizketatzeko bonbardaketatik bizirik irtendakoak. Egurtxiki joan den abenduan hil zen eta ekitaldiak bereziki gogoratuko du haren figura eta ekarpena.

Saioak zuzenean --musukoa jarrita eta agintariek pandemia dela-eta eskatzen dituzten neurriak betez-- edo online segitu ahal izango dira. Online segitu nahi dutenei emaila bidaltzea eskatzen zaie Nere Lete irakasleari nlete@boisestate.edu helbidera, Zoom gakoak eskuratzearren. Hitzaldi guztiak ingelesez eta doan izango dira.

Hauxe da programa:

Otsailaren 25ean

-Non: BSUn, Student Union - Bishop Barnwell Room
-Noiz: 12.00etan
-Izenburua: "Confronting Trauma: Writing about Gernika"

Otsailaren 28an

-Non: BSU, Interactive Learning Center (ILC) room 213
-Noiz: 18:00etan
-Izenburua: "Wor(l)d Building: Writing Historical Fiction"

Martxoaren 3an

-Non: Basque Museum and Cultural Center
-Noiz: 6:00-8:00 pm
-Izenburua: An Idahoan Named Egurtxiki: The man who learnt Euskara to write about the bombing of Gernika (Egurtxiki izeneko idahotarra, Gernikako bonbardaketari buruz idazteko euskara ikasi zuen gizona).
-Azalpena: 1972ko udaberrian William Smallwood 'Egurtxiki'k isilpeko ehun elkarrizketa baino gehiago egin zituen Gernikako bonbardaketatik bizirik atera zirenen artean eta bonbardaketaren inguruko liburu onenetako bat idatzi zuen, The Day Guernica Was Bombed ['Gernika bonbatu zuten eguna' izenpean atera zen euskaraz, Gernikako Bakearen Museoa Fundazioa argitaldari]. 2021eko abenduan hil da Egurtxiki. Liburua ingelesez Amazon-en eskura daiteke: The Day Guernica was Bombed: A Story Told by Witnesses and Survivors



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia