San Frantzisko, Kalifornia. 50 urte dira Ferrando Aire 'Xalbador', anitzek 'Urepeko artzaina' bezala ezagutua —bereziki famatua, Xabier Letek sortu eta Erramun Martikorenak hedatutako izen bereko kantua medio— zendu zela bere sorterrian, tupustean bihotzekoa jasan ostean. Kalifornia eta Ipar Ameriikako euskaldunek ez dute data pasatzen utzi nahi izan. Izan ere, behar da gogoan izan Xalbador eta bere familia lotura handikoak direla Diasporarekin eta bertsolariaren aitatxi-amatxik Kalifornian ezagutu zutela elkar bertan emigrante zirela, ondoren itzultzeko; Xalbadorren seme Mixel bera artzain arizan zen Kalifornian; eta familia frango badute oraino AEBn kusiak, ttantta eta ondokoak; eta San Frantziskoko Basque Club Euskal Etxearen sortzea zuzenean lotua da Xalbador eta Mattinek hirira egin bisitan gertatu zenari, erran nahi baita euskal kluba oraino ez zelarik, euskaldunak frantses elkarte bateko kide ziren eta bi bertsolariok ari kantuz zirela mikroa kendu zieten antolatzaileek euskaraz kantatzearen karietara, euskaldunak zinez samurtu eta mindu, eta hura berriz errepika ez zedin gau hartan bertan hasi ziren euskal kluba sortzeko deliberoarekin. Lotura zuzena da, beraz, eta biziki maite dituzte beti San Frantziskoko Euskal Etxean bertsolaritza ere partikularzki Xalbador.
San Frantziskokoa Estatu Batuetan bertso-aktibitate gehien izan duen euskal etxea izan da denbora luzean eta hain segur AEBn eta menturaz Diaspora osoan ere. Datorren larunbatean, urriaren 24an, 'Xalbador gogoratuz' jaialdia antolatu dute hirian poeta urepeldarra oroituz eta omenduz, bertako eta Euskal Herritik propìo etorritakok bertsolariakpartaisde. eta bertako bertsolariez. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bilduko dira EHtik eta AEBtik Martin Goicoechea, Oier Pastor eta Nerea Eceiza-Arregui. Gai-jartzailea, Mikaela DePoyster Goikoetxea gazte euskal-amerikarra izango, eta aurkezle eta ingelesera moldatzaile Xabi Paya. Baina arratsalde berean, bertso saioaz gain, Aire Ahizpak hirukoteak (Miren, Amaia & Paxkalin Aire, Xalbadorren bilobak) afari-kontzertua emango dute aitatxi gogoan, Sebastian Desgrans akordeon-jotzailea lagun. Arratsalde eta gau zirraragarria izango da zalantzarik gabe.
Eta San Frantziskoko hitzorduaren biharamunean, igandean, urriaren 25an, Hego Kaliforniako Chinon, bertako Euskal Etxearen areto nagusian, bisita eta emanaldia errepikatuko dute bertsolari eta kantariek, eguerdiz hasita, Chino Basque Club-ek antolatu bazkari eta kontzertruan.
Larunbatean, San Frantziskoko ekitaldiak zuzenean segitu nahi dituenak, esteka hauetan egin ahal izango DU:
Bertso saioa online
https://sfbasqueculturalcenter.org/events-page/nabo-bertso-saio-xalbador-gogoratuz helbidean
Aire Ahizpen saioa online
https://sfbasqueculturalcenter.org/events-page/aire-ahizpak-2026
Kasu orduekin! Bertso-saioa Kaliforniako 16:30ean hasiko baitute (Euskal Herrian, goizaldeko 1:30ean hasiz). Eta Aire Ahizpena bertako 20:50ak irian (EHko igandeko goizeko 5:50ean). Guzia San Frantziskoko Euskal Etxea, Gure Euskal Etxea, BEO eta NABO lagun antolatua.
Eta kasu berezia oraindik, larunbat-igande horretan, ordua aldatuko baitute Europan, eta goizeko 3:00ak, 2:00ak izatera pasatuko baitira, ordu bat irabaziz.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



