euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Urteurreneko Mus Lehia arrakastaz burututa, Pergaminoko Lagun Onak-ek 75 urteko elkarlana ospatuko du larunbatean

2026/10/22

Cañuelas-ko Antonio Beloqui eta Eduardo "Carpito" Makuch txapeldunak, Lagun Onak-eko Carlos Miguelena, Martin Urruchuaga eta Hugo Irusta muslariekin, aretoaren bista partidetan, bazkarian eta agurreko argazkia
Cañuelas-ko Antonio Beloqui eta Eduardo "Carpito" Makuch txapeldunak, Lagun Onak-eko Carlos Miguelena, Martin Urruchuaga eta Hugo Irusta muslariekin, aretoaren bista partidetan, bazkarian eta agurreko argazkia

PUBLIZITATEA

Pergamino, Argentina. Pergaminoko Lagun Onak Euskal Etxeak urriko lehenengo asteburuan eman zien hasiera bere urteurreneko ospakizunei, "Lagun Onak Euskal Etxearen 75. Urteurrena" izenpean eskualdeko mus-txapelketa antolatuz. Ekitaldian inguruko herrietako zortzi euskal etxetako 26 bikotek hartu zuten parte. Cañuelas-ko Antonio Beloqui eta Eduardo "Carpito" Makuch bikoteak eskuratu zuen txapela, finalean Pablo Pavesa eta Héctor Aguila ordezkari chacabucotarrak garaitu ostean. Hirugarren postua Cañuelaseko beste bikote batentzat izan zen: Ismael Goñi eta José Fazenda. Euskal Aste Nazionalaren ostean, Lagun Onak-ek ospakizun-egutegiarekin jarraitu zuen; besteak beste, zinema-saio bat eskainiz eta, datorren larunbatean, 75. urteurreneko festa handia.

Mus Txapelketa urriaren 3ko larunbatean egin zen eta Pergaminoko egoitzak eskualdeko hainbat muslari bildu zituen: Anaitasuna (Junín), Denak Bat (Cañuelas), 'Euzkal Etxea' (San Nicolás), Guillermo Larregui (Chacabuco), Euzko Etxea (La Plata), Zazpirak Bat (Rosario) eta Euskaldunak Denak Bat (Arrecifes) euskal etxeetakoak, Pergamino bertakoez gain. Eskainitako harrera-gosariaren ostean, egun osoan aritu ziren lehian, eguerdian etenaldi bat eginez Lagun Onak-eko laguntzaile taldeak prestatutako eta zerbitzatutako bazkaria elkarrekin partekatzeko. EE anfitrioiaren eta FEVAren izenean, bertakoa den Carlos Miguelenak hartu zuen hitza, eta jarraian Mus Federazio Nazionaleko ordezkari Pablo Pavesak eta Daniel Altamirak. Iluntzera arte luzatu zen jokoa, eta Villa Marían Euskal Astearen baitan elkartzeko promesarekin esan zioten agur elkarri.

Larunbatean danborrada, afaria, musika, dantza...

Ospakizun programari berriro ekin zioten, beraz, urriaren 16an, ostiralean, komunitate osoari irekia egon zen jarduera batekin: Fermín Aiok zuzendutako 'Berpiztu', Kepa Junkera trikitilariaren ibilbidea eta bizkortze prozesua biltzen dituen dokumentala emanik. Hilabeteko ospakizunei amaiera emateko, urriaren 24an, datorren larunbatean, 75- Urteurreneko Jaia ospatuko dute. Dantza tradizionalak, danbor eta kupelak, afari partekatua, kantak eta 75 urte hauetan egindako bidea aldarrikatu eta gogoz ospatzeko giro eta bozkarioa ez dira faltako.

 



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia