Maipú, Argentina. Mende erdia bete du aurten Maipúko Anaitasuna Euskal Etxeak, eta urteurren horren baitan, 46. Mus Txapelketa Nazionala abegitu du. Hemezortzi bikote bildu ziren herrian abuztuaren 15etik 17ra, abenduan Bilbon jokatuko den Munduko Txapelketarako txartelaren bila. Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxeko Felipe Finger eta Felipe Finger aita-seme bragadotarrak gailendu ziren eta txapela jantzi zuten; txapeldunorde, berriz, Chascomúsko Zingirako Euskaldunak EEko Julio César Toffani eta Ricardo Lucastegui geratu ziren. Miguel "Melucho" Mendiola Txapelketa Paraleloa ere jokatu zen, laster 98 urte beteko dituen bertako muslari sutsuaren gorazarre. 64 bikotek hartu zuten parte, eta La Platako Euzko Etxeko Pascual Coudannes eta Francisco Esnaola nagusitu ziren. Txapelketa nagusiak Maipúko Martin Elorriaga eta Néstor Lazcano muslari historikoen izena hartu zuen.
Partidak "Volver a Vivir" Jubilatuen Etxean jokatu ziren, eta bazkari zein afariak Euskal Etxean egin zituzten. Ekitaldiak ehun eta berrogeita hamar lagunetik gora bildu zituen. Antolatzaileak lolekuez arduratu ziren, eta partaideek familia-etxeetan eta bestelako ostatuetan egon ziren. Muslarien jatorriaz, ordezkaritzak Ayacucho, Cañuelas, Chacabuco, Chascomús, Chivilcoy, Junín, Laprida, La Plata, Las Flores, Macachín, Mar del Plata, Pergamino, Saladillo, San Nicolás, Santa Rosa, Tandil eta Buenos Airestik etorri ziren, Maipúkoez gain. FEVAko lehendakari Carlos Miguelena ere bertaratu zen.
Alicia Ithurrart (Maipúko Anaitasuna), Pablo Pavesa (Mus Federazioa) eta Carlos Miguelena (FEVA)
Musikak eta dantzak ere giro ederra jarri zioten ekitaldiari, bertako Bihotzetik eta Egunabar taldeen eskutik. Alicia Ithurrart lehendakariak gogoangarritzat jo zuen ospakizuna. “Euren gogoan geratuko zen asteburu bat lortzeko irrikaz egin genien harrera, eta gonbidatuek guztia eman zuten horrela izan zedin. Txapelketa, otorduak, omenaldiak, ikuskizunak, komunikabideen laguntza... oso gauza polita izan zen lehenengo minututik bukaera arte, bukaera kantuz, gainera", adierazi dio EuskalKultura.eus-i. Txapelketa amaituta, Anaitasunak bere mende erdiko ospakizun urteari eutsi zion.
Mus Federazioko agintari berriak
Txapelketaren egitarauaren barruan, abuztuaren 17an, astelehena, Argentinako Mus Federazioaren Batzarra egin zen, eta zuzendaritza berria hautatu zuten: Pablo Pavesa (Chacabuco) lehendakari, Juan Martín Elorriaga (Maipú) diruzain, Héctor Daniel Altamira (Pergamino) idazkari, eta batzordekide Daniel Etchepare (Chascomús), Mauricio Broquelaire (La Plata) eta Ion Vicente (Mar del Plata). Datozen urteetako txapelketa nazionalen egoitzak ere zehaztu zituzten: San Nicolás izango da anfitrioia 2027an, Tandil 2028an, Chacabuco 2029an, Ayacucho 2030ean, Pergamino 2031n eta Macachín 2032an.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


