Córdoba, Argentina. Córdoba hiriko Gerora Kultur Elkarteak eta Buenos Airesko Nafarroako Etxeak kultura-truke lehenengo ekitaldi bat burutu zuten abuztuan Córdoban. Jardunaldi nagusi gisa, nafar dantzen tailerra eskaini zuten, arku eta makilekin, Buenos Airestik etorritako María del Mar Alderete Roque irakasle. Jarduera hilaren 8an egin zen, Güemes auzoko cordobatarreko Calicanto Casa de Arte gunean, eta bertan, Murchanteko paloteadoko arku-dantza eta Berako makil-dantzak, besteak beste, landu zituzten partaideek.
Gerorako lehendakari Agustina Madarietak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, 2025etik landutako proiektu baten fruitua da ekimena, bi elkarteetako kideen arteko hilabetetako elkarrizketa eta topaketen ondoren sortua. Madarietaren hitzetan, “Bereziki interesatzen zitzaigun Nafar Etxeak dantza arloan izan duen ibilbidea eta, teknikaz haratago, euskal etxe bakoitzean sortutako ezagutzak elkarbanatzea”. Alderete Roquek, bere aldetik, oso positibotzat jo du Córdobako jardunaldia, bai parte-hartzeagatik, bai giroagatik. "Esperientzia izugarria izan da. Jendea horrelako proposamenetara erakartzea zaila bada ere gaur egun, loturak sortzea eta gogo bera duten pertsonak ezagutzea oso baliotsua da niretzat, eta akuilua da nire elkartean lanean jarraitzeko", adierazi digu.
Gerorako dantzariak, arku eta makilekin, Nafarroako dantzak ikasten Córdoban
Datorren larunbatean txalaparta tailerra
Lankidetza-hitzarmen honek segida izango du datorren larunbatean, irailaren 19an, oraingoan ezagutza-trukea hiriburuaren norabidean egingo baita. Bigarren fase honetan, Gerorako Gaspar Jaurena eta Agustín Alonso musikariak Buenos Airesera joango dira txalaparta tailerra ematera, Nafar Etxeak tresna horren irakaskuntza indartzeko agertu duen interesari erantzunez. Moreno kaleko 3682 zenbakian izango da hitzordua; doakoa eta irekia izango da. Interesa dutenek secretaria.centronavarro@gmail.com posta elektronikora idatziz edo WhatsApp bidez +54 9 111111-1111 zenbakian eman dezakete izena.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


