Azul, Argentina. Duela bi hamarkada Valeria Aramburu taldildarrak sarritan egiten zituen Tandil eta Azul-en arteko ia ehun kilometroak, Gure Txokoa euskal etxe azuldarreko talde kartsu bati euskara irakasteko. Joan den abuztuaren 14an, lotura hori beste agertoki batean berritu zen: "Azul en Letras" (Azul letretan) Haur eta Gazte Literaturaren Azokaren laugarren edizioan. 'Argentina Diego' Haur Ospitaleko Elkarte Laguntzaileak antolatutako ekitaldia Arte eta Komunitate Erabilera Anitzeko Aretoan egin zen eta inaugurazio egunean Aramburuk bere 'Las alas de Paquita' haur-liburua aurkeztu zuen, euskal etxe azuldarraren babes estuarekin.
Aurkezpena Unicen Argitaletxeko zuzendari Gerardo Tasarrak bideratu zuen. Berak aurkeztu zuen egilea ekitaldira bertaratu ziren irakasle, ordezkari instituzional eta, bereziki, Hezkuntza Zentro Osagarri bateko haur talde baten aurrean. Saioan, Aramburuk liburuko parte den 'Dos nidos' (Bi habi) ipuina irakurri zuen, migrazioa hizpide duen kontakizuna, eta txikienen arreta biziki piztu zuen.
Opari trukea
Irakurketaren ostean, Gure Txokoako lehendakari Horacio Daniel Aguilarrek hartu zuen hitza. Azokak emandako tartea eskertu, eta euskal komunitateko kideek bultzatutako ekimen kulturalak babestearen garrantzia azpimarratu zuen. Amaiera hunkigarriak biribildu zuen eguna. Izan ere, duela urte batzuk euskara irakastearen bidez sortutako harremanak aitortza sendo bihurtu ziren. Bertako euskaltzaleek lore-sorta eta zeramikazko opari bat eman zizkioten euren irakasle ohiari, eta egileak, elkartearen ondareari gehitu zaion liburuaren ale sinatua eman zien trukean.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


