euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Macachíngo Euzko Alkartasunak bere trinketearen mende erdia ospatu du nazioarteko kirol eta kultur topaketa batez

2026/10/23

Oroipen-plakaren aurkezpena Macachíngo alkate Martín Mujica, Iñaki Unamuno eta Sabino Iruretagoyenarekin; Euskal Herriko, Uruguaiko eta Argentinako 17 emakume pilotarik parte hartu zuten ekitaldian, Fernando Azkarate eta txapeldunak
Oroipen-plakaren aurkezpena Macachíngo alkate Martín Mujica, Iñaki Unamuno eta Sabino Iruretagoyenarekin; Euskal Herriko, Uruguaiko eta Argentinako 17 emakume pilotarik parte hartu zuten ekitaldian, Fernando Azkarate eta txapeldunak

PUBLIZITATEA

Macachín, Argentina. Mende erdiko pilotazaletasunak hitzordu berezia izan du Macachinen. Izan ere, bertako Unión Vasca - Euzko Alkartasuna euskal etxearen “José León Chapartegui” trinkete enblematikoak urrezko ezteiak ospatu ditu nazioarteko mailako kirol eta kultura ekitaldi batekin. Asteburu oso batean zehar, herrialde osoko, Uruguaiko eta Euskal Herriko hainbat ordezkaritza eta hamarka pilotari bildu ziren La Pampako herri honetan. Bertan izan dira, halaber, probintzia eta udal agintariak, bazkideak zein herritarrak, komunitateak funtsezkotzat jo den mugarri hau elkarrekin ospatzeko.

Ekitaldiak iraileko azken asteburuan hasi ziren. Irailaren 25ean, ostiral arratsaldean, hasiera eman zitzaion ekitaldi ofizialari. Caro Poeig dantzariak Agurra dantzatu zuen eta, jarraian, gunearen balio kultural eta kirol-izaera goraipatu zituzten errekonozimenduak banatu zituzten arlo instituzionaleko ordezkariek. Martin Mujica intendenteak eta Carolina Sierra intendenteordeak Udal Exekutiboko ebazpena eman zioten euskal etxeari. Era berean, La Pampako Diputatuen Ganberaren Kultur eta Kirol Intereseko Deklarazioa jaso zuten Celeste Rivas probintziako diputatuaren eskutik. Ondoren, opariak banatu zituzten Nazioarteko Pilota Kontseiluko presidente Fernando Azkaratek eta Uruguaiko Floresko Euskal Etxeko buru Esteban Fagaldek. Hitzaldien ostean, Euzko Alkartasuna - Unión Vascako lehendakari Iñaki Unamunok eta Sabino Iruretagoyena zuzendaritzako kideak, Mujica alkatearekin batera, oroipen-plaka bat desestali zuten. Ekitaldiari amaiera emateko, Rocío Juárez pilotariak esker oneko hitzak zuzendu zizkien urteotan zehar trinketeari bizia eman dioten pertsona guztiei. Ekitaldia amaitutakoan, Urteurreneko Txapelketako azken partidei ekin zitzaien.

Larunbatean, hilaren 26an, Emakumezkoen Nazioarteko Pilota Topaketa iritsi zen. Euskal Herriko, Uruguaiko eta Argentinako 17 pilotari bildu zituen hitzorduak emakumezkoen pilotarentzat egun historiko batean. Argentinako Hanna Goytiñok (González Chávez herrikoa) eta Cinthia Fernández Garmendiak (Macachín bertakoa) jokatu zuten finala, eta txapela jantzi zuten María Camila Ocampo eta María Pía Volpi uruguaitarrei hiru setetan gailenduta. Gau partean, urteurreneko afari-ikuskizun jendetsuarekin amaitu zituzten ospakizunak. Bertan, hilabete osoan zehar jokatutako tokiko txapelketako sariak banatu zituzten eta, gauerdia pasata, dantzaldia hasi zen.

"José León Chapartegui" Trinketea

Macachingo trinketea 1976ko irailean inauguratu zuten. Harrezkero, hazi eta berritu egin da, eta bertako, probintziako, estatuko zein nazioarteko txapelketen egoitza izan da. Kategoria askotako lehiaketa ugariren agertoki izateaz gain, Argentinako emakumezkoen Lehen Pilota Txapelketa jokaleku izana da. José León Chapartegui irundarraren izena darama. Euzko Alkartasunako lehenengo lehendakaria izan zen bera, baita La Pampako euskal etxe ezagun honen sortzaile eta bultzatzaile nagusia ere.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia