euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kantuzalea zara? Abuztuaren 9an Nevadan egongo zara? Garaiz zaude izena emateko NABO Euskal Kantari Egunean

2025/07/07

Mendiko Euskaldun Cluba-ko antolatzaileek izena aldez aurretik emateko eskatzen dute, Kantari Egunaren antolaketa lanak errazteko
Mendiko Euskaldun Cluba-ko antolatzaileek izena aldez aurretik emateko eskatzen dute, Kantari Egunaren antolaketa lanak errazteko

PUBLIZITATEA

Gardnerville, Nevada, AEB. Urtero Estatu Batuetako euskaldunei eta bisitan daudenei egiten zaien gonbitea da Euskal Kantari Egunean parte hartzea. Azken urteotan normalean Gardnervilleko eta Rocklineko euskal etxeek tartekatuz antolatu izan dute eta aurten Gardnerville-ri, bertako Mendiko Euskaldun Clubari dagokio antolaketa. Abuztuaren 9an izango da, ohi bezala Mindeneko ekitaldi aretoan, hiriko euskal piknik festarekin bat. Baina, adi! izena emateko epea zabaldu da, eta antolatzaileek, batetik, ohartarazi nahi diete, ez bakarrik, baina bai bereziki Boiseko Jaialdia dela eta AEB Mendebaldean ibiliko diren Euskal Herriko euskaldunei, aukera naturala dutela Gardnervilletik pasatzea Boiseko hitzordua eta gero, San Frantziskorako didean. Eta, beraz, bertaratzea dagoeneko erabakita daukatenei, izena ematea eskatzen diete, aline_izoco@yahoo.com helbidera idatziz. beharrezkoa dute informazio hori, festa eta elkarretaratzea ahalik eta hobeki antolatzeko.

Euskal Kantuaren eta bertsoaren festa da Kantari Eguna Gardnervillen. Berez, larunbatean da, euskal elkartearen urteko piknikarekin bat. Piknika, saltokiak, barbakoa bazkaria, eta Kantari Eguna oholtza gainean. Kantu herrikoiaren festa da, beraz edonork har dezake parte, edozein kantu motarekin, a capella edo instrumentuz lagundua, bakarka edo taldeka. Bestelako emanaldiak ere badaude, meza, eta dantzarien erakustaldia, eguna berbena edo erromeria batekin bukatzeko eguna, Manuela eta Jean-Pierre Etychechuryren taldearekin, Estatu Batuetako euskak erritmo tradizionalekin.

Gogoratu, festa, praktikoki, bezperan, ostiralean hasiko dela, herriko JT euskal ostatuan, bertako kantina eta jatetxean afalduz eta afalostean lehenengo erromeria eginez. Musikariak ere ez dira faltako, Jean Flesher eta bere banda ere bertatik ibiliko baitira, izan musikari edo izan dantzari eta festagile gisa, guztietatik egin behar baita. Aurten ere, jende andana bat espero da Euskal Herritik bisitan, jaialdi eta gero, txikstulariak, kantari eta musikariak, Bizkaitik, Gipuzkoatik... eta baita Xiberotik ere, Maider Bedaxagar-en partaidetza ere espero baita, besteak beste.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia