euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur saioa dauka online BEOren Euskal Irakurle Klubak: "In the Footsteps of Smugglers" obra aztertuz, animatzen?

2025/07/07

"In the Footsteps of Smuglers, my life on a Basque Mountain", Georgina Howard egile, du izena BEO Irakurle Klubaren gaurko obrak
"In the Footsteps of Smuglers, my life on a Basque Mountain", Georgina Howard egile, du izena BEO Irakurle Klubaren gaurko obrak

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Gaur astelehena saioa dauka online BEOren Euskal Irakurle Klubak, oraingoan Georgina Howard-en "In the Footsteps of Smugglers" obra aztertuz. Gogoratu BEO-Basque Educational Organization elkarte euskal estatubatuarrak urtean zehar hainbat alditan antolatzen dituela bere Irakurle Klubaren (BEO Book Club) saioak, beti ere euskal egileen bertsio ingelesak edo euskaldunei edo euskal kulturari lotutako liburuak hautatuz, bilera aurretik irakurri eta gero saioan taldean aztertu edo komentatzeko, gehienetan egilea bera partaide, kasu honetan bezala, Georgina Howard berak bertaratuko dela agindu baitu, Euskal Herritik bat eginez. Oso liburu mota desberdinak hartzen dira aipagai, nobela garaikideetatik, kroniketara, poliziakoak, batzuk Diaspora testuinguru dutenak, fantastikoak... aniztasuna (eta euskal lotura) ezaugarri.

Aste honetako egilea, Georgina Howard, ingelesa da sortzez, baina Kopengaguen zortzi urte pasa ondoren, loturak eten eta hegoaldera abiatu zen, eta euskal Pirineoen magalera iritsita bertan geratu eta laketu zen. Iturenen da. Bertako batekin aurrera egin ez zuen harreman baten ostean, alaba hor jaio eta hazi du ama bakar gisa, herritarren laguntzaz, eta gaur egun bidaia-gidari lana egiten du, bere gidari eskaintza propioarekin, ingurua munduratuz. Irakurle Klubak hautatu duen obra honetara bere esperientzia eta lekukotasuna biltzen ditu "In the Footsteps of Smugglers" izenburu nagusi eta "My life on a Basque Mountain" izenburu txikiarekin, bere izanaren eta agentziarekin aurkezpen-txartel.

“Kanpotar baten abenturak kontatzen ditu: ama ezkongabea, hizkuntzalaria, nomada kosmopolita eta kulturalki kamaleoia, paradoxikoki, bizi den lurraldeari atxikita dagoen herri indigena batean laketzen da, atzera eginez Harri Aroraino garamatzan hizkuntza eta kultura dituena. Oharkabean, abegikortasuna ordaintzen die talde antiterroristak, xantaia-egileak eta espioiak erakarriz bere baitara, eta bitartean Euskal Herriaren iragan dramatikoak ustekabeko ondorio luzeak ekarriko ditu. Bidaia-liburu inspiratzaile eta umorez betea, Bradten 'Kontrabandisten urratsetan'k eguneroko landa-bizitzaren eta ikerketa historikoaren binetak ehuntzen ditu, benetako ikuspegiak sortzeko euskal gauza orori buruz, identitatearen gaiari buruzko rapsodia batekin lotuta”.

«Euskal Herria misterioz betetako lekua da, tradizio sakonekoa eta oinarrizko balio sendoak dituena. Edozein eskualde ezezagunek goi-mailako gida bat behar du, bere berezitasunetan murgilduta dagoena. Georgina Howard, 'brummie euskaldun bihurtua' eta zentral elektriko txiki baten energiaduna, izango da gida hori, kultura sakoneko eta jaialdi bizien mundu liluragarri baterako ateak irekitzen dituena. Baina hau garaipen pertsonal, iraunkortasun eta determinazio istorio zirraragarria bat da baita ere, Nafarroa iparraldeko haran batean ezerezetik negozio arrakastatsu bat eraikitzea, eta alaba (guztiz) baskoi bat bakarrik hazten duen pertsona batena. Egin ezazu bat eta igo berarekin mendi errusiar honetan, partekatu bere gorabeherak... ezagutu euskal kultura, liluratuta geratuko zara!».

- Saioaren eguna: Uztailaren 7a, astelehena
- Ordua: 15:30etan (Kaliforniako ordua); astearteko 00:30etan Euskal Herrian
- Partaidetza: Mesedez eskatu hemen parte hartzea: bookclub@basqueeducational.org
- Zoom xehetasunak: https://us02web.zoom.us/j/85249547209 Meeting ID: 852 4954 7209



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia