euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Etxea lankide, Euskaldunen Pasealekua inauguratu dute Tandilen, parke eta naturgune publikoa, euskal gorazarre

2025/06/10

Miguel Lunghi intendentea, Eusko Jaurlaritzako ordezkari Sara Pagola, FEVA lehendakari Asier iriberri eta Gure Etxeko lehendakari Graciela Confalonieri zerrendak moztu eta Euskaldunen Pasealekua inauguratzen
Miguel Lunghi intendentea, Eusko Jaurlaritzako ordezkari Sara Pagola, FEVA lehendakari Asier iriberri eta Gure Etxeko lehendakari Graciela Confalonieri zerrendak moztu eta Euskaldunen Pasealekua inauguratzen

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Joan den igandean, ekainaren 8an, eguna goibel eta hotz samar argitu zuen Tandilen. Baina proiektu hau gauzatuta ikustearen bozkarioak berotasun nahikoa ekarri zuen "Paseo de los Vascos" (Euskaldunen Pasealekua) delakoaren inaugurazioa goxo-goxo bizitzeko adina. Espazio publiko berria La Movediza Parke Litikoaren oinetan kokatzen da eta euskal gizataldea eta honek hirian utzitako ondarea omendu nahi du. Bertako hedabide ugarik eman zuten ekitaldiaren berri. Bertara bildu ziren, besteak beste, Miguel Lunghi intendentea, Euskadiren ordezkari Sara Pagola, FEVAko lehendakari Asier Iriberri, Gure Etxea Euskal Etxeko lehendakari Graciela Confalonieri; zinegotziak, udal arduradunak, euskal etxeko kide ugari eta ehundik gora bizilagun.

Ehun bat herrikide partaide egin zen inaugurazioa, Lunghi alkateak, Sara Pagolak (Euskadiren ordezkaria) eta Gabriela Confalonierik (Euskal Etxea) zerrenda moztu zutela

Gure Abestiak korua aritu zen, Valentina Britok Agurra dantzatu zuen, Danborrada jo zen eta EEko dantzariak txiki eta 'Betirako'koak aritu ziren, eta 'Orejanos' folk taldea

Ekitaldia ohiko zerrenda-mozketarekin hasi zen, Miguel Lunghi intendente, Sara Pagola eta Graciela Confalonieriren eskutik. Inaugurazio erritoaren ondoren, “Gure Abestiak”, Euskal Etxeko abesbatzak, Agur Jaunak kantatu zuen. Ondoren, Gure Etxeko lehendakariak hartu zuen hitza, eta pozik agertu zen lorpenarekin; Sara Pagola ordezkariak haritzak euskal kulturan duen balio sinbolikoaz hitz egin zuen, eta Asier Iriberrik, berriz, "Legatu eta Ondarea" programa tandildarraren meritua eta eskuzabaltasuna nabarmendu zituen, 1976an Tandilen EE aurreko parkean landatutako Gernikako Arbolaren kimutik hazitako 200 ale baino gehiago atera eta banatu baitituzte azken urteotan.

Gure Etxea eta Tandil lankide

Hizlarietan artean, Gure Etxeko bazkide Sebastian Elissondok ahalegin kolektiboaren balioa azpimarratu zuen, eta azkenik, Lunghi intendenteak eskerrak eman zizkion Gure Etxeari hiriarekiko duen konpromisoagatik eta Tandilen garapenari euskal gizataldeak egindako ekarpenagatik. Gure Etxeko dantzari Valentina Britok Agurra eskaini zuen, eta jarraian, dantzari txikien taldeak dantzatu zuen. Danborrada Taldeak emanaldia egin eta amaieran, EEko "Betirako" taldeak bere dantzak erakutsi zituen. Ekitaldia "Orejanos" herriko folk taldearen emanaldiarekin amaitu zen.

Bi masta daude ikurrina eta argentinarrarentzat, monolito bat lauburuarekin, haurren jolastokia, eta Gernikako Arbolaren ondorengo diren haritzak landatu dira, "Legatua eta Ondarea"ren fruitu

Euskaldunen Pasealekuak, Dante Alighieri eta Margarita Galfre kaleen arteko bidegurutzean dagoen bederatzi hektareako lursaila hartzen du, eta ikurrina eta bandera argentinarra erakusteko bi masta ditu; eta baitaratzen ditu baita ere Euskal Etxeak 2023an Tandilgo udalerriari 200 urte bete zituenean oparitu zion monolito bat, harrian zizelkatutako lauburu batekin; eserlekuak; haurren jolastoki bat eta zeibo bat eta hainbat euskal haritz-kimuz dituen beste sektore bat. Zuhaitz motak adierazten dituzten karteltxoetan, alearen datu botanikoak irakur daitezke QR bidez, azken hau erakundeko dantzari eta paisajismo teknikari Begoña Kain Arambururen ekarpena. Era berean, beste QR batek, euskal abizenen eta haien esanahiaren berri ematen du, Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioa lankide.

 
Asier Iriberri, Graciela Confalonieri, Sara Pagola, eta Marcos Castillon Pasealekuko monolito ondoan

Tandil, 2025eko Euskal Aste Nazionalaren egoitza

Bost hilabete eskas barru Euskal Herriko zein Hego Konoko euskal komunitateetako ehunka gonbidatu bilduko dira Tandilera 2025eko Euskal Aste Nazionala ospatzeko, eta Pasealeku berria megatopaketaren agertokietako bat izango da. "Komunitate gisa, harro gaude Tandilgo Udalarekin batera proiektu honetan parte hartu izanaz, natura, historia eta komunitatea elkartzen dituen gunea baita Pasealekua. Gure etxea eta gure hiria prestatzen ari gara, urriaren 27tik, astelehena, azaroaren 2ra, igandea, denon etxea eta hiria ere dela senti dezaten bisitari eta partaide etorriko zaizkigun guztiek", adierazi dio ilusioaren diskira begietan EuskalKultura.eus-i Gure Etxea-ko lehendakari Graciela Confalonierik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia