Buenos Aires, Argentina. Buenos Aireseko Nafar Etxeko hogeita hamar bat bazkide eta lagun bildu ziren joan den larunbatean, maiatzaren 31an, "Charla de mitología vasco-navarra" izenpeko hitzaldian, elkartearen 130. urteurrena ospatzeko programaren barruan antolatutako egitarauaren baitan. Laurak Bat Euskal Etxeko idazkari Diego Orellana eta Nafar Etxeko bazkide Irma Rosales hizlari, jorratutako gaiek interes handia piztu zuten publikoan, hala nola kontakizunen eta elementu magikoen jatorriak eta sinbolismoak, eta ikusleek ere euren esperientzia pertsonal eta familiarrak partekatu ahal izan zituzten.
Hiru adituren lanak oinarri garatu zuten hitzaldia: Aita Joxe Migel Barandiaranek (1889-1991) Euskal Herriko herri, baserri eta landa-eremuak ibili zituen, antzinako mito eta sorginei buruzko herri-kontakizunak eta sinesmenak bilduz eta bere garairako oso aipagarria den lan antropologiko kulturala eginez; Wentworth Webster (1828-1907) elizgizon anglikano eta folklorista, XIX. mendearen amaieran Iparraldean kokatu eta bertako jendearen ipuin eta kondaira herrikoiak bildu zituen; eta Andres Ortiz Oses (1943-2021) teologo, filosofo, apaiz, antropologo, hermeneutika sinbolikoaren sortzailea, euskal mitologiaren aditu eta euskal matriarkalismoaren teoriaren egile izan zen.
Jarraipena izan du
Hitzaldian zehar euskal kosmogoniaren elementu nagusiak aipatu ziren, pertsonaia batzuen izaera jainkotiarra, hala nola Mari, Maju, Basajaun, lamiak, erraldoiak eta, kristautasunarekin lotura sinkretiko gisa, Olentzero. Hitzaldia amaitzeko, antzinako eta egungo elementu magikoei buruzko laburpena egin zuten. Emaitzez galdetuta, Diego Orrelanaren esanetan, "Oso baliotsua da horrelako topaketak izatea Euskal Herriaren jatorri kulturalak hobeto eta gehiago ezagutu eta ulertzeko", adierazi dio EuskalKultura.eus. Aurreratu digu gainera, udaberrian bigarren topaketa bat eskainiko dutela. Bigarren horrek euskaldunen erlijio zaharraren eta kristautasunaren arteko sinkretismoa, Ama Birjina, Andra Mari berria eta XVI. eta XVII. mendeen arteko sorgin ehiza izango ditu ardatz.
Beste euskal etxe edo elkarteren batek mitologiari buruzko hitzaldia antolatzeko interesa balu, Diego Orellanarekin harremanetan jar daiteke diego_orellana@outlook.com emailaren bidez, edo 54-911-3425-6349 Whatsapp zenbakira idatzita.