euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kanpoan bizi diren ehundaka nafar bildu zituen asteburuan Oteitzan Espainiako Nafar Etxeen Urteroko 35. Jardunaldiak

2025/06/10

Tokiko eta foru autoritateak talde-argazkian nafar etxeetako eta Nafar Etxeen Espainiako Federazio Nazionaleko ordezkariekin
Tokiko eta foru autoritateak talde-argazkian nafar etxeetako eta Nafar Etxeen Espainiako Federazio Nazionaleko ordezkariekin

PUBLIZITATEA

Oteitza, Nafarroa. Oteitzako herria Espainiako Estatuko Nafar Etxeen 35. Jardunaldiko partaideen biltoki bilakatu zen joan den larunbatean, ekainaren 7an, lehenago euskaraz "Kanpoan den Nafarraren Eguna" eta gaztelaniaz "Día del Navarro Ausente" deitzen zen urteroko topaketa edo egun bakarreko elkarretaratzearen edizio berri batean. Estatuko hainbat tokitatik etorritako nafar etxeetako ordezkari eta lagunak eta oro har nafar diasporako kideak hartu zuten parte, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta bertako alkate Ruben Martinez Landa programako buru, Espainiako Nafar Etxeen Federazio Nazionaleko eta zenbait nafar etxetako ordezkariekin batera.

Egitaraua 10:30ean hasi zen hamaiketako batekin Oteitza bertako “Alegría Oteizana” musika banda edergarri eta ondoren harrera-ekitaldi instituzionala egin zen Udaletxeko Osoko Bilkura Gelan, ohiko lepokoen eta errekonozimenduen entregarekin. Eguerdian, 12etan alegia, Nafar Meza eman zen San Migel Parrokian, bertako abesbatza lagun, eta ondotik Román Felones historialari eta kontseilari ohiak hitzaldia eman zuen "Nafarroa eta bere herrian. Oteiza adibide" izenburupean.


Gobernuko Ana Ollo lehendakariordea Oteitzan, Jardunaldiari buruzko azalpenak ematen

Oteitzako Dantzari Taldeak emanaldi bat eskaini zuen segidan eta hala nahi izan zutenek bisitaldia egin ahal izan zuten Oteitzako leku esanguratsuenetan barrena: Salbatore edo Santa Barbara ermita (XVI. mendekoa), San Tirsoren ermita (XV. mendea) eta bere Miliarria; eta San Migel parrokia bera (XVI. mendea). 14:30etan, jendea Iturtxipia polikiroldera hurbiltzen joan zen, bertan egin baitzen topaketa honek ohi duen bazkari herrikoia, bazkalostean Sonora Mariaren musikarekin bukatzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia