euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Barnetegia San Nicolasen: Euskara Munduan-en eredu argentinarra, Estatu Batuetako euskal etxeentzako ispilu

2026/02/04

San Nicolaseko barnetegian irakaslegaiek asko ikasi ez ezik, San Sebastian eguneko ospakizunekin bat egiteko aukera ere izan zuten
San Nicolaseko barnetegian irakaslegaiek asko ikasi ez ezik, San Sebastian eguneko ospakizunekin bat egiteko aukera ere izan zuten

PUBLIZITATEA

San Nicolás, Argentina. San Nicolas de los Arroyos hiriak Hego Konoko euskara formazioaren etapa berri bati eman dio abegia urtarrilaren 17tik 25era. Etxepare Euskal Institutuko Kinku Zinkunegi eta FEVAko Gabriela Mendia koordinatzaile, hamalau irakaslegaik euren bosgarren topaketa presentziala burutu dute, gehienbat online garatzen duten ziklo hau 2024an hasi zutenetik. Gaur egun B1 mailako edukiak lantzen ari den taldeak Rocio Basterra eta Ignazio Alustiza izan zituen bertako irakasle, eta baita ere Argentinako esperientzia bertatik bertara ezagutzeko Estatu Batuetatik etorritako Mikaela DePoyster-Goikoetxea (Wyoming) eta Madalen Bieter (Idaho) irakasle gonbidatuen begirada aberasgarria.

Barnetegiak, hizkuntza gaitasuna ez ezik, ikasgelarako jauzia ere izan zuen ardatz. Izan ere, apiriletik aurrera, ikasle hauetako asko euren euskal etxeetan eskolak ematen hasiko dira, A1.1 mailako taldeen ardura hartuta. Karia horretara, topaketaren azken txanpan, prestakuntza saio berezia jaso zuten, irakasle gisa estreinatzeak dakartzan erronkei aurre egitearren: trebetasunen arteko oreka, adin zein erritmo desberdinetako taldeen kudeaketa eta irakaskuntzaren lekukoa hartzeko beharrezko bestelako tresnak landuz.

Etxeko irakasleak prestatzeko erronka

Mikaela DePoyster-Goikoetxea eta Madalen Bieter NABOko (North American Basque Organizations) euskara koordinatzaileen presentziak San Nicolaseko bizipenak eta AEBko euskal komunitatearen errealitatea uztartzeko balio izan du. AEBn Euskara Munduan talde bat martxan jartzeko ametsak ekarri du bikotea Argentinaraino. Helburua tokiko irakasleak formatzea da, euskara euren komunitatean zabal dezaten. Madalenen esanetan, “Estatu Batuetan badira euskara ikasteko gogoa dutenak, baina irakasleak falta zaizkigu. Orain arte, Euskal Herritik unibertsitatera irakastera edo ikastera etorritako jendearekin moldatu izan gara, baita Etxepareko irakurleekin ere, baina oso gutxitan izan dugu eskolak emateko gai zen bertako euskal komunitateko kiderik. Hori da behar eta nahi duguna”, baietsi dio EuskalKultura.eus-i.

 
Madalen Bieter, NABOko kidea (bigarrena eskuinetik), Euskara Munduan programako Argentinako ikasleekin

NABOko koordinatzaileentzat, taldearen dinamika behatzea funtsezkoa izan zen esperientzia hau oinarri AEBn garatu nahi duten egitasmoa zehazteko. Mikaelak ikasleen konpromiso eta ahalegina goraipatzen ditu: "Ez nuen espero ikastaro osoan euskaraz murgiltzeko hainbesteko prestutasuna eta baikortasuna topatuko nuenik" eta esperientzia "ederra eta guztiz erabilgarria" izan dela azpimarratu du. "Programa eredu bikaina da, sinestezina, eta bertatik bertara ezagutzeak ideia asko eman dizkigu. Asko ikasi dugu, bai Argentinako euskarari buruz, bai Argentinako kulturari buruz, eta baita euskal diasporari buruz ere. Eta gainera, Diasporan lotura berriak egiten lagundu digu".

 
NABOko Mikaela Goikoetxea (erdian) Euskara Munduan programako  Argentinako kideekin

Astebete luzea barnetegian eman ondoren ikastaldearekin, Etxepare Euskal Institutuko, FEVAko eta euskal etxeko arduradunekin, Mikaela DePoyster-Goikoetxeak eta Madalen Bieterrek taldearen abegi ona eta irekiera azpimarratu dute. "Denak eskuzabalak oso izan dira, jatorrak oso eta atseginak, eta esperientzia baliotsua izan da zeharo. Eta euskarari esker balio izan digu berriro ohartzeko Diaspora gisa, batzen gaituzten gauzak ezberdintzen gaituztenak baino askoz gehiago direla, eta hunkigarria izan da", adierazi digute NABOko euskara koordinatzaileek.

San Nicolaseko barnetegiko Euskara Munduan Programako irakaslegaiak:

- Aime Barrutia, Baskos de la Confluencia, Cipolletti
- Andrea MalcorraIbaiko Euskaldunak, Río Colorado
- Ángeles GarcíaEuskal Echea, Llavallol
- Diego Orellana, Laurak Bat, Buenos Aires
- Dina AntoniniLaurak Bat, Buenos Aires
- Elián ManciniIbaiko Izarra, Concordia
- Eliana DomenchGuillermo Larregui, Chacabuco
- Ignacio Esquiroz, Haraneko Euskal Etxea, Trelew
- José Tomás UrizDenak Bat, Mar del Plata
- María del Mar AldereteCentro Navarro, Buenos Aires
- Mariana de Sautu, Pergamino, Tandil
- Mariana JuezGure Etxea, Tandil
- Sol Cicero, Euskaltzaleak, Buenos Aires
- Renzo VillanuevaUrrundik, Paraná



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia