Berlin, Alemania. ‘Beide’ (‘biok’ nahi du esan alemanez) Kultura Jaialdiaren lehenengo edizioa azaroaren 3an eta 4an izan da Berlingo 'TAK -Theater Aufbau Kreuzbergen' Antzokian. Proposamenak euskara, euskal kultura eta Bizkaiko artisten lana nazioartean ezagutaraztea izan zuen ardatz eta ondo asko bete zen programan aurkeztutako ekitaldi eta emanaldiekin. Jaialdia irekitzeko, Getxo Herri Kirolak taldeak erakustaldia eskaini zuen TAK antzokiaren aurreko lorategian; erakustaldiaren ostean, bertaratutakoek ere parte hartzeko eta herri kirolak bertatik bertara probatzeko aukera izan zuten.
Arratsaldean, kontzertuen unea iritsi zen; María Rivero kantugile eta abeslari balmasedatarrak ‘Bilau’ (2025) bere diskoa aurkeztu zuen eta lehenengo errezitalarekin batera diskoa nazioartean aurkezteko birari eman zion hasiera. Kontzertuekin jarraituz, Xabi Aburruzagak eta bere taldeak ere jo zuten Berlingo taula gainean. Egitarauko lehenengo egunari amaiera emateko, Maurizia Aldeiturriaga Zabala pandero-jotzaile historikoaren bizitzan eta musika-ibilbidean oinarritutako ‘Nor da Maurizia?’ irakurketa dramatizatu eta musikatua aurkeztu zuen Zelako Taldeak TAK Antzokian.

Getxo Herri Kirolak taldeko kideak, TAK antzokiaren aurreko lorategian eskainitako erakustaldian

Maria Riveroren kontzertua, artristaren nazioarteko biraren hasieraizan zen Berlinen

Trikitixa baino askoz ere gehiago Xabi Aburruzagaren emanaldian

'Nor da Maurizia' irakurketa dramatizatu eta musikatuaren irudia TAK antzoki berlindarrean
Jaialdiaren bigarren egunean, ‘Ez dok Bape’k ireki zuen ikuskizuna eta Itziar Ituño abeslari duen Ingot-en kontzertuak itxi. “Indarrez eta nortasunez beteriko kontzertuak izan ziren guztiak; Musika, energia eta giro bikaina ezaugarri nagusiak izan ziren Berlingo oholtza gainean”, adierazi dute jaialdiaren antolatzaile izan ziren Zelako Kultur Ideiak kooperatibako kideek.

Jaialdiaren bigarren egunean, euskal rocka nagusi:‘Ez dok Bape’ taldea

Eta programari amaiera emateko, Ingot-en errezitala, Itziar Ituño abeslari
Berlingo 'Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein' Euskal Etxeko lagunek ere bat egin dute balantzean: “Lehenengo urtea izan du festibalak eta astegunez egin, baina hala ere jende ugari agertu zela esan dezakegu. Publiko anitza bildu zitzaigun, Berlinen bizi diren euskaldunak, baina baita alemaniarrak ere, eta beste herrialde batzuetako jendea”, esan diote EuskalKultura.eus-i Euskal Etxekoek. “Oso gustura geratu gara guztiok eta askok galdetu ziguten hurrengoa noiz izango den". "Egiari zor, erantzun zehatzik ez dugu oraindik, baina ez dugu batere baztertzen datorren urtean berriz antolatzeko aukera”, aitortu dute. Argazki eta bideo gehiago, Zelako.eus-en.
- Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein Euskal Etxea Instagramen, gernikaberlin

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


