euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ikurriña Kapitolioko mastetatik eta jabego publikoetatik desager daiteke Idahon, proiektu batek aurrera egiten badu

2026/02/10

Artxiboko irudia: ikurriña Idahoko Kapitolioko mastetan 2015eko Jaialdi eta Lehendakariaren bisita zela eta
Artxiboko irudia: ikurriña Idahoko Kapitolioko mastetan 2015eko Jaialdi eta Lehendakariaren bisita zela eta

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Aurrera egiten badu —eta aukerak ez dira batere gutxi— kolpea izango da dudarik gabe euskal-estatubatuar komunitatearentzat, eta orain arte gauzak ezagutu izan ditugun moldearen kontra, esaterako Boiseko Jaialdi festa erraldoian. Sinbolikoki baino ez bazen ere, ikurriña Idahoko Kapitolioan ikustea "Euskal Amerika"ren edo "Euskal Estatu Batuen" ikurra zen, euskal emigrante askok Idahora etortzean eta hemen finkatzean eurak eta euren ondorengoek lortutako euskal-estatubatuar integrazio estatus baten adierazgarri; ikurriña Francoren diktadurapeko Euskal Herrian atera ezin zenean, hemen aireratu zitekeen, eta geroago, Kapitolioa bezalako edifizio publiko esanguratsuetan euskal-amerikar errealitate horren itzulpen plastikotzat ikus zitekeen. Hori desagertu egingo da, Idahoko lege proposamen batek debekatu nahi baitu, aurretik LGTBI banderak eta beste ikur batzuk desagertarazi nahi izan dituzten bezala. EHan, Nafarroako banderen legearekin gertatutakoarekin analogia egin dute batzuk. Orain arte ikurriña salbuespen zen. Gauza da, lehenengo galbahea pasatu duela, Idahoko Estatuko Gaien Batzordekoa, Idahoko Ordezkarien Ganberan, eta orain Ganberak bere osotasunean behar duela bozkatu.

Esandakoak zuzenduz, baina proiektuari eutsiz

Oso azkar koan da. Duela egun batzuk Boise bertako Diana Lachiondo euskal komunitateko kide eta militante demokrata ezagunak ohartarazi zuenean sare sozialetan, batzuk harriduraz edo ezin sinetsian irakurri zuten, ez, ez da honela izango, saihestuko da, pentsatuz. Baina gauza da aurrera ari dela. Soilik euskal komunitateak eta enparauek eta euskal diplomazia edo paradiplomazia delako horrek garaiz erreakzionatzen badute izango da posible gelditzea. Ted Hill hautetsiak proiektua aurkeztu zuenean (ikus bideoan), zenbait datu oker eta faltsu ere sartu zituen, ETA nahasiz, Palestinako bandera bezala dela esanez, ez-egokia dela, ez-ofiziala Espainian bertan ere. Horiek zuzendu egin ditu bigarren aldian (ikus bigarren bideoa), baina aurrera dihardu proposamenarekin, AEBko "batasuna"ren izenean, barra eta izarrak omen baitira hiritar guztien biltzaile bakarra. Gogoratu orain arte aukera berezietan bakarrik ipintzen zela ikurriña Kapitolioan —Jaialdi kasu, lehendakaria bisitari— baina jabego publikoa aipatzen denez, debekuak leku gehiago ere hartuko lituzke.

Bideoak

Hona bideoak. Lehena, Hill Ordezkari-Ganberako hautetsiaren hasierako saioko hitzaldia. eta bigarrenean Hill Bera eta euskal komunitateko Gloria Totoricaguenaren lekukotasuna, kontra. Gai hau hiri eta herrien esku geratzea eskatzen dute, ikurriña legepe horretatik ateratzeko (irudiak Diana Lachiondok pasatuak sare sozialetan).


Hill hautetsiak bere proposamena aurkezten du


Ted Hill hautetsia mintzo, 10 ' 45"etan; Gloria Totoricaguena, 13' 50"



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia