Munich, Alemania. Municheko Euskal Irakurle Klubak arrakastaz egin zuen joan den asteazkenean aurtengo bere lehenengo saioa, hamar irakurle bildu baitziren liburuak euskaraz irakurtzen eta komentatzen Alemanian, Euskal Herritik mila eta seirehun kilometrora errepidez, ez da marka batera makala. Saioa berezia izan zen, gainera, aztertu eta solasgai hartu zuten obra Irati Elorrietaren 'Neguko argiak' baitzen, eta idazlea bera, egun Berlinen bizi dena, eurekin izan baitzuten lagun, bera ere Berlinera doazen bi pertsona protagonista dituela, guztia hurbilekoa beraz. Klubak iaz hasi zituen saioak, bertako euskal elkartea babesle, Cervantes Institutuaren liburutegian.
Saioan parte hartu zuten lagunek eleberria “ederra eta kalitate handikoa” dela nabarmendu zuten. “Hasieran nobelako dinamikan sartzea pixka bat zaila egin zitzaidan, baina irakurri ahala harrapatzen zaituen horietakoa bilakatu zitzaidan” adierazi dio EuskalKultura.eus-i bertan partaide izan zen irakurleetako batek. Eleberriak, besdtalde, Alemanian bizitza berri bat eraikitzen saiatzen ari den bi emakume euskaldun gazte protagonista dituela “guretzako oso nobela egokia” da, nabarmendu du Klubeko arduradunetako bat eta ekitaldiko koordinatzaile izan zen Jon Iraolak.
Municheko Euskal Irakurle Kluba 2025etik ari da biltzen irakurleak euskarazko obren inguruan, arrakastaz gainera partaidetza mailan zein dinamikan. Zorionak!
Solasaldian protagonisten arteko harremanei eta identitate kontuez (euskalduna, alemana, hangoa-hemengoa izatea...) hitz egin zuten bildutakoek eta euren esanetan “Irati Elorrietak, obra idazterakoan zertan pentsatu zuen eta bere ikuspuntuez eta buruan zeuzkanez esan zizkigunak entzuteak gako berriak eman zizkigun, eta irakurketa aberastu zuen; izan ere hainbat galdera erantzun zituen, elkarrizketa polita sortu zen eta ekitaldia oso atsegina eta emankorra izan zen”, adierazi digute.
Municheko Euskal Irakurle Klubak oraindik historia laburra badu ere –iazko uztailean egin zuen bere lehenengo saioa– baikor ari dira, taldekoak pixkanaka ari dira elkar ezagutzen. "Esan dezakegu dinamika aurrerakoia ari dela sortzen”, dioskute. Irakurriko duten hurrengo liburua Kirmen Uriberen "Bitartean heldu eskutik" izango da, topaketaren data otaindik baieztatzeke.
24. Korrika Munichen
Irakurle Klubeko saioaz gain, bat egin dute aurten ere Korrikarekin Municheko euskaldunek. Joan den asteburuan izan da eta Korrikalariak Max-Joseph-Platz hartu zuten biltzeko leku eta Unibertsitateraino egin zuten korrika. “Inguruak alaituz eta euskara mundura zabalduz oso arratsalde emankorra pasa genuen, geuk ongi pasatuz, alaitasun giroan eta hemengo jendeei hain gurea dugun hau, euskara gure hizkuntza, aurkeztuz”, adierazi dute Municheko euskaltzaleek.
- Municheko Euskal Elkartea Instagramen, munitxekoeuskalelkartea

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


