euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Berdintasunerako Eskola: ekimen berriak berdintasun politikak lantzeko; ‘Koilara Morea’ gaur estreinatuko da Mexikon

2026/09/24

Euskal Berdintasunerako Eskolaren 2026ko ekimen berriak: Editatoia, Gizonok Berdintasunean eta Koilara Morea
Euskal Berdintasunerako Eskolaren 2026ko ekimen berriak: Editatoia, Gizonok Berdintasunean eta Koilara Morea

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Joan den uztailean munduko euskal etxeekin izandako bileran iragarri zen bezala, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzatik, Lehendakaritzako Berdintasunerako Unitatearekin batera, hiru ekimen berezi bultzatuko ditu datozen hilabeteetan, Euskal Berdintasunerako Eskolaren barruan. Proposamen ezberdinak dira, baina helburu bera dute: euskal komunitate globalaren arteko loturak sendotzea, diaspora osatzen duten pertsonen ekarpenak ikusgarri egitea eta pausoak ematea gizarte berdinzaleago baterantz.

Ekimenen xehetasunak

- Koilara Morea: munduan zehar bidaiatzen duen emakumeen sarea, Mexikon sortua, Euskadiren Ordezkaritzaren eskutik, bere Emakumex programaren bidez. ‘Koilara Morea’ euskal emakumeen eta Euskadirekin lotura duten edo Euskadin interesa duten emakumeen artean topaketa, trukea, inspirazioa eta ahalduntzea sustatzeko guneak sortu nahi dituen proposamena da. ‘Koilara Morea’ren lehenengo edizioa gaur osteguna, irailaren 24an, egingo da Mexikon, EMAKUMEX Txoko Experience: Txuleta & Txakoli ekitaldiarekin. Parte hartzen dutenek sukaldaritza, solasaldia eta networking-a partekatuko dituzte errezeta baten, bizipen pertsonalen eta esperientzien inguruan.

- Editatoia: euskal diasporako emakumeen memoria berreskuratzen proiektua WikiEmakumeok egitasmoaren barruan garatuko da, datorren Martxoaren 8aren baitan. Lankidetzan oinarritutako maratoi honek bi helburu ditu: alde batetik euskal diasporako emakume bereziki esanguratsuei buruzko informazioa biltzea, haien ibilbideek eta ekarpenek ezagutzaren eta memoria kolektiboaren esparruetan merezi duten tokia izan dezaten laguntzeko; eta bestetik, herrialde eta diaspora-komunitate ezberdinetako pertsonak proiektu komun batean elkartuko dituen esperientzia partekatua sortzea. Abenduan informazio-saio bat antolatuko da ekimenaren helburuak, metodologia eta parte hartzeko moduak xehetasunez azaltzeko.

- Gizonok Berdintasunean: berdintasuna eraikitzeko ahots berriak ekimenari dagokionez, gizonek berdintasunaren eraikuntzan duten inplikazioa indartzeko xedea du. Gizon izateaz harago: gure bidea gizon gisa izenburupean, hausnarketarako, ikaskuntzarako eta elkarrizketarako gune bat sustatuko da, maskulinitate berrien inguruan. Ahotsen Koadernoa argitalpen kolektiboa sortuko da eta bertan beren bizipenak, hausnarketak, esperientziak, argazkiak, testuak eta bestelako ekarpenak partekatuko dituzte diasporako gizonek, gaur egun gizon izateak zer esan nahi duen ulertzeko ikuspegi askotarikoago eta eguneratuago bat eraikitzen laguntzeko.

Etorkizunari begira, munduko edozein euskal etxek hartu ahal izango du lekukoa, esaterako, Koilara Morearen bere edizioa antolatzeko. Helburua, hedatu eta biderkatzea eta sarea mundu osora zabaltzen laguntzea, herrialde eta belaunaldi desberdinetako emakumeen arteko loturak sendotuz. Ekimenei buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak a-uribevillar@euskadi.eus helbidera idatz dezake.

Gogora dezagun Berdintasunerako Eskola Eusko Jaurlaritzaren ekimena dela, euskal etxeetan eta atzerrian den euskal komunitatean genero-berdintasuna eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren ikuspegia sustatzera bideratua.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia