LLavallol, Argentina. Llavallol, Euskal Echea ikastetxeko instalazioetan, Argentinako euskal komunitatearen belaunaldi berrien bilgune bilakatu da beste behin ere. FEVAk deituta, 12 urtera arteko 300 txikik, 70 laguntzaile eta monitorek zein 90 senidek parte hartze bizia eman zioten jolas eta trebakuntza jardunaldiari. Haurrak, Arrecifes, Chascomús, La Plata, Buenos Airesko Laurak Bat, Lomas de Zamora, Mar del Plata, Necochea, Pergamino, Rosario eta Tandilgo Euskal Etxeetatik etorriak, Llavallolgo eta CABAko ikastetxe anfitrioiko hezkuntza komunitateekin batera.
Joan den larunbatean, irailaren 19an, izan zen elkarretaratzea, egindako egitaraua adin-tarte ezberdinen arabera antolatuta, aukera anitzak eskainiz: 1 eta 5 urte bitarteko haurrentzako gune egokitua, 5 eta 11 urte bitartekoentzako jolas-zirkuitua eta, edizio honetako berrikuntza gisa, Necocheako Euzko Etxeko taldeari esker 11 eta 12 urtekoentzat antolatutako Pilota Tailerra. Bazkalostean, Korrika tradizionalaren txanda iritsi zen; euskal etxe bakoitzak prestatutako mezuak helarazteko lekuko-trukea egin zuten bertaratutakoek. Jarraian, María Luján Valiela eta Juanpi Bilbaoren zuzendaritzapean Danborrada, dantzaldia eta Gora Behera dantza, ordezkaritza guztiak bilduz. Amaitzeko, inor kanpoan utzi ez zuen kalejira alai eta jendetsua.
"Ezinbesteko gune estrategikoa"
Topaketa, euskal etxeek urte osoan zehar martxan jartzen duten lan-prozesu baten emaitza da. FEVAKo Zuzendaritza Batzordeak ohiko hileroko bilera egin zuen bertan, eta Carlos Miguelena lehendakariak azpimarratu zuenez, jardunaldia txikiek, monitoreek eta familiek egindako etengabeko ahaleginaren aitortza da. "Urteko ekitaldirik garrantzitsuena da txikientzat. FEVAren ikuspuntutik, ezinbesteko gune estrategikoa da gure kultura eta komunitatea hazten jarraitzeko. Euskal etxeek haurrak Llavalloleraino ekartzeko egindako esfortzua epe luzerako inbertsioa da: ezagutzak, nortasuna eta adiskidetza ereiten baititu, etorkizunean bere fruituak, zalantzarik gabe, emango dituztenak", adierazi dio lehendakariak EuskalKultura.eus-i.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


