euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentinako euskal diasporako neska-mutilek Txikien Danborrada estreinatu dute FEVAren 26. Ume Topaketan

2025/10/07

Txiki danbor-joleak FEVAren 26. Ume Topaketan (argazkia Lapridako EE)
Txiki danbor-joleak FEVAren 26. Ume Topaketan (argazkia Lapridako EE)

PUBLIZITATEA

Llavallol, Argentina. 500 bat lagun bildu ziren joan den larunbatean, urriaren 4an, Llavallolgo Euskal Echea Ikastetxeko egoitzan, FEVAk urtero antolatzen duen Ume Topaketan. Arrecifes, Cañuelas, Chacabuco, Chascomús, CABA (Laurak Bat eta Euskaltzaleak), José C. Paz, La Plata, Laprida, Laurak Bat, Lomas de Zamora, Maipu, Mar Del Plata, Necochea, Olavarría, Pergamino, Rosario eta Tandilgo euskal etxeetako txikiek, Euskal Echea eskolakoekin batera, mota askotako ekintzetan hartu zuten parte egunean zehar. Programa, aurreko urteetakoen parekoa izan da –gosaria, jolasak, bazkaria, dantzak– eta nobedadea ordezkaritza guztiek elkarrekin egiten duten azken aktibitatearekin iritsi zen: Txikien Danborrada.


Haurrei (hamabi urte artekoak dira) euren adinei egokitutako jolasak eskaintzen zaizkie


Ariketa fisikoa eskatzen dutenek ere leku nabaria dute ekintzen programan


Eta, egunaren ezaugarri nagusietako bat, euskarak ere badu bere lekua

Luján Valiela eta Juan Pablo Bilbao Valiela arrecifestarrak zuzendari, euskal etxeetako txikienek Tatiago eta Donostiako Martxa jo zituzten euren danbor eta barrilekin. EuskalKultura.eus-ekin solasean adierazi dutenez, “Duela bi urte sortu genuen txikien danborrada Arrecifesko Euskal Etxean eta dagoeneko lau abestiko errepertorioa eta geure zapiak ditugu. FEVAko Gabriela Mendiak ikusi gintuen Euskal Etxearen urteurren jaian eta proposatu zigun danborrada antolatzeko Txikien Topaketarako. Eta baietz esan genion, jakina”, azaldu digu.


Txikien danborrada Lujan eta Juan Pablo Valiela zuzendari

“Euskal Etxeek eskuz egindako euren danborrak eta barrilak ekarri zituzten eta baita sardexka eta haizto erraldoiak ere, guztiek parte hartu ahal izan zezaten. Esperientzia izugarria izan zen, eta seguru gaude urtez urte sendotzen joango dela, oso gustura hartu baitute. Polita da gainera euskal etxeek euren txikien danborradak sortzen hastea”, adierazi digute tailerrak ere ematen dituzten zuzendariek.


Jatekoa prestatzen parrilletan. FEVAko ordezkariak: Gabriela Mendia, Miren Arozarena, Marisu Mendizabal eta Arantxa Anitua


Dantzen artean, ezin falta ikurrina eta bere dantza

Topaketa benetako uda eguraldia lagun egin zen, beraz antolatuta zeuden jolasez gain ur jolasekin ere disfrutatu ahal izan zuten haurrek. “Egundoko eguraldia eta haurrek oso ondo pasatu zuten eguna, benetan” diote antolatzaileek. Ohi bezala, behar da aipatu heldu eta nerabeen laguntza ezinbestekoa izan zela koordinatzaile, begirale, laguntzaile eta sukaldari lana egiteko.

- Argazki gehiago, FEVAren sareetan



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia