Bilbo, Bizkaia. III. Euskal Mundu Biltzarra – From Basque to the World nazioarteko kongresuak euskararen eta hizkuntza gutxituen etorkizuna izango du aztergai, ikuspegi akademiko, sozial eta instituzionaletik. Besteak beste, hizkuntza horien erronka nagusiak eta biziberritze-prozesuak aztertu eta ezagutza eta esperientziak partekatzeko gunea izango da 2027ko urriaren 20tik 22ra Bilbon. Zabalik jarraitzen du —kasu! datorren astera arte, irailaren 30era arte— kongresuan parte hartzeko komunikazioen eta posterren laburpenak aurkezteko epeak, Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez.
Biltzarraren helburua da ikertzaileen, hezkuntza arloko profesionalen, arduradun politikoen eta komunitate-eragileen arteko topaketa eta elkarrizketa sustatzea, hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen biziberritzea indartzeko. Bereziki ongietorriak izango dira ikerketa akademikoa eta gizarte-praktikak uztartzen dituzten ekarpenak, baita esperientzia berritzaileak eta lankidetza-ekimenak ere. Hona lehenengo epe honetara aurkezteko arauak: proposamenaren laburpena, gehienez 300 hitzekoa izango da; ebaluazioa itsua izango da; izenburua eta laburpenaren testua eranskin batean bidali beharko dira, egileen identifikaziorik gabe frombasquetotheworld@euskadi.eus email helbidera.
Proposamenek honako gai hauek jorratu ahal izango dituzte:
- Hizkuntza gutxituei buruzko ikerketa.
- Hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza.
- Ekologia linguistikoa, hizkuntza-aniztasuna eta politika publikoak.
- Hezkuntza, hizkuntzen irakaskuntza eta belaunaldien arteko transmisioa.
- Hizkuntzen sustapenerako komunitate-ekimenak eta jardunbide egokiak.
- Hizkuntzaren erabilera gizartean eta testuinguru eleaniztunetan.
- Kultura, komunikabideak eta sormen-adierazpenak.
- Teknologia digitalak eta lineako espazioak hizkuntza gutxituentzat.
- Etorkizuneko ahotsak: digitalizazioa eta berrikuntza hizkuntza gutxituen biziberritzean.
- Hizkuntza-aktibismoa, identitatea eta hizkuntza-eskubideak.
- Hizkuntza gutxituen modernizazioa.
Ahozko komunikazioek 15 eta 20 minutu arteko iraupena izango dute, eta saio paraleloetan aurkeztuko dira. Biltzarrak 60 minutuko poster-saioak ere izango ditu. Saio horietan, egileek bertan egon beharko dute beren lanak aurkezteko eta parte-hartzaileekin partekatzeko.
Aurkezteko epea 2026ko irailaren 30era artekoa da.
- Argibide gehiago Biltzarraren webgunean

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


