San Frantzisko, AEB. Memoriak eta musika klasikoak bat egingo dute datozen egunotan Estatu Batuetan Josu Okiñena pianista eta ikertzaile donostiarraren eta Noelia Ibáñez mezzosoprano gasteiztarraren eskutik. Bihar San Frantziskon hasiko duten kontzertu-sortak Aita Donostiaren ondare musikala, folklorikoa eta espirituala izango du ardatz. Emanaldietan Aita Donostiak (José Gonzalo Zulaica, Donostia 1886-Lekaroz, 1956), garaiko berrikuntza-korronteen eta nazionalismo musikalaren testuinguruan izan zuen lekua ere aztertuko dute musikariek.
Kontzertuen programa San Frantziskoko Presidio Theatre-n hasiko da bihar larunbata (irailaren 26an). “The History of Basque Music: A Living Portrait of an Ancient Land” (Euskal musikaren historia: antzinako lurralde baten erretratu bizia) izenburua izango duen ikuskizun honetan Zestoako Garikoitz Mendizabal txistulariak ere izango dqa ikuskizuneko parte. Kontzertua, gainera, hiriko BEO Basque Educational Organization erakunde euskal-amerikarrak antolatu ohi duen Basque Cultural Day-ren baitan kokatuko da. Informazio gehiago eta sarrerak hemen.
Garikoitz Mendizabal txistulari ospetsuaren bertaratzeko gonbidapena
Josu Okiñena pianistak ere bertaratzeko gonbitea luzatzen du, zinez merezi izango duelakoan
Egitarauarekin jarraituz, irailaren 28an Chicagoko Cervantes Institutuan izango da kontzertua (sarrerak hemen) eta, irailaren 29an, New Yorkeko Cervantes Institutuan. Sarrerak hemen.“Topaketan zehar, Okiñenak Aita Donostiaren ibilbidearen hainbat alderdi aztertuko ditu: konpositore, ikertzaile eta euskal folklorearen biltzaile gisa egindako lana eta XX. mendearen hasierako Europako musika-korronte nagusiekin izan zuen harremana. Pianorean eta abestien –Ibáñezen ahotsean– arteko elkarrizketari esker publikoak zuzenean entzun ahal izango ditu Aita Donostiaren lanen bertsio berrituak proposatzen dituzten piezak”, azaltzen dute antolatzaileek.
Aita Donostia omentzeko ikuskizuna bere Illustrations Musicales pour la Vie Profonde de Saint François d’Assise obraren mendeurrenaren harira antolatu da eta Eusko Jaurlaritzaren eta Etxepare Euskal Institutuaren babesa du.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


