Bahía Blanca, Argentina. Bahía Blancako Portuko Pasealekuak ehunka herritar bildu zituen berriro ere itsasoaren aurrean Gizataldeen Jaiaren edizio berri bat ospatzeko. Urtebeteko etenaren ondoren —iaz hiriari eragin zioten uholdeen erruz bertan behera utzi behar izan baitzen— ekitaldiak indartsu berreskuratu du bere tokia. Atzerriko Kolektibitateen Zentroa, Udala eta Portuko Kudeaketa Partzuergoa elkarrekin antolatzaile, festa irailaren 12an eta 13an egin zen. Hemezortzi komunitateren gastronomia postuak, musika ikuskizunak eta dantza tradizionalak bildu ziren bertan, hiriko aniztasuna eta bertan errotu ziren migrazio-korronteen ekarpena nabarmendu eta ospatzea helburu.
Mapa multikultural horretan, Unión Vascak leku nabarmena izan zuen, eta publikoa bereganatu zuen eskaini zituen zapore eta erritmoekin. Asteburuan zehar, urdaiazpiko, txaka pintxoez eta sagar-tartaz gozatzera hurbildu zen publikoa janari-postura. Horrez gain, eskaintza gastronomikoak tentagarri berezia eskaini zuen Taberna Vascako Julio Allo sukaldariaren eskutik. Izan ere, bere maisu-klasean, "ganbak baratxuri saltsan" eta "txibia, irugihar ketu eta piper gorri erre pintxo" ikusgarri bat prestatu zituen.
Iñaki Ederra: "Oso pozik gaude"
Ikuskizun artistikoek jai-giroa gehitu zioten asteburuari. Larunbatean eguraldiak lagundu ez bazuen ere, Francisco Malanga eta Manuel Irastorzaren zuzendaritzapean aritu zen EEko Beti Aurrera dantza taldeak Zinta Dantza ederra eskaini zuen. Jaialdiari bultzada emanez, Maika del Santo gidari, Lagunak Betiko danborradak danbor eta kupelak jo zituen Donostiako Martxaren konpasean. Igandean, berriz, eguzkiak itsasadarra argitu zuen eta ikusle ugariren aurrean dantzari ertainen dantzek, Rosario Malanga, Agustina Irastorza eta Benjamin Candia gidari, txalo eta esku-zarta beroak eurenganatu zituzten.
"Oso pozik gaude jaialdiaren emaitzarekin. Larunbatean eguraldiak ez zuen lagundu, baina igandean eguzkia distiratsu zeruratu zen eta jende asko bertaratu zen egun osoan zehar. Aurtengo edizio hau, gainera, bereziki gogotsu espero genuen", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euskal Etxeko lehendakari Iñaki Ederrak, Bahía Blancako hitzordu garrantzitsu honetan euskal komunitateak egindako balantze positiboa azpimarratuz.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


