Madril, Espainia. Antzerkiak eta arteak zubi polita eraiki dezakete Euskal Herriaren eta Espainiako hiriburuaren artean eta horregatik bere babes osoa adierazten die Madrilgo Euskal Etxeak Euskal Herriko hainbat tokitatik Madrileraino iristen diren ekimen eta antzezlanei. Irailaren 19an Madrilgo Euskal Etxeko 40 bat lagun bertaratu ziren talde gisa Pradillo Antzokira, Getxoko ‘Utopian’ konpainiaren 'Ezta egun bat gehiago ere (Zirgariak)' ikusteko. Lanak eta taldeak —Haizea Baiges, Arrate Nuñez, testuaren egilea ere baden Arantxa Iurre eta Unai Baiges, zuzendaria— publikoaren txalo zaparrada jaso zuten.
Hala baieztatzen du Euskal Etxetik ere Maria Gainzarainek: “Antzezlan ederra izan zen, XIX. mendearen amaieran Bilboko itsasadarrean soka edo zirga baten bidez ontziak eramaten zituzten emakumeen bizipenak bikain kontatzen ditu”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i antzerkigile eta EEko 'Katalina Eleizegi' antzerki taldeko zuzendaria den gasteiztar aspaldi madrileratuak. “Aktoreek oso lan ona egiten dute eta taularatzea, teknologia ere baliatzen dutela, bikaina da”, azpimarratu du.
Astearte honetan, gaztelaniaz, eta asteazkenean, euskaraz, Mikele Urroz nafarraren 'Mendia' emanen da Madrilen; joan den astean, Utopian getxoztarren Las sirgueras
Euskal antzezlan eskaintzak jarraituko du aste honetan ere Madrilen, izan ere, ‘Surge Madrid’ Antzerki Jaialdiaren baitan eta Mikele Urroz nafar aktorearen ‘Mendia’ lanaren estreinaldiarekin. Urrozek bi emanaldi eskainiko ditu: asteartean, irailaren 29an, gaztelaniaz; eta asteazkenean, irailaren 30ean, euskaraz, azken kasu honetan, nahi dutenentzat, itzulpena lagun. Biak Nave 73 Antzokian izango dira, Palos de la Frontera kaleko 5. zenbakian, iluntzeko 8etan. Sarrerak hemen eros daitezke.
Bere jarduera sendotu ondoren iritsi da hastear duen 2026-2027 ikasturtera Madrilgo Euskal Etxeko ‘Katalina Eleizegi’ antzerki taldea. Ziklo honetan bi antzezlan prestatuko dituzte Maria Gainzarain zuzendari dutela aktore amateurrek osatzen duten taldeak, batetik iaz sortutako ‘Garbiñe desmuntatzen’ obrarekin jarraituz eta aldi berean ‘Pongamos que hablo del Barroco’ (Demagun Barrokoaz hitz egiten dudala) obra estreinatuz.
Bi obrarekin arituko da Madrilgo EEko antzerki taldea ikasturte berrian, entseguak Euskal Etxeko Peio Aramburu Areto berritu eta joan den astean berrinauguratuan
Gogora dezagun 'Garbiñe desmuntatzen' obra “Euskal antzerki garaikidearen erreferente izan zen Katalina Eleizegi (1889-1963) antzerkigile donostiarrari buruzkoa dela, euskal madrildar antzerki taldeari izena ematen dion emakumeari buruzkoa, alegia, eta obra konplexua da", argitzen digu Maria Gainzarainek. "Izan ere, entsegu gehiago behar ditugu eta lan handia dugu eszenografia eta jantziak sortzen. Baina erabat murgilduta gaude proiektuan eta 2027ko otsailaren 20an estreinatuko dugu”, diosku tinko. “Bigarrenerako, berriz, Barrokoko idazleek idatzitako umorezko hainbat eszena bildu eta egokituko ditugu; kasu honetan, taldera azken hilabeteotan batu diren kide berriek ere hartuko dute parte. Dena ondo badoa 2027ko Gabonetan estreinatuko dugu. Behar dut esan oso talde ona dugula, eta gero eta jende gehiago ari zaigula biltzen; kideek konpromiso handia dute sasoin berriari begira”, aitortu digu zuzendariak.
Aipatzekoa baita ere lokalari buruz, ‘Katalina Eleizegi’ taldearen antzezlanak eta Euskal Etxeak antolatzen dituen hitzaldiak, liburu aurkezpenak, kultur ekitaldiak-eta EEaren egoitzako Pello Aramburu Areto berrituan egingo direla aurrerantzean. Izan ere, berritze lan handiak egin ondoren —berrituta edo berriak ezarrita besteak beste eserlekuak, argiak, audio sistema, aire egokitua eta dekorazioa— urrats berria eman dute etxeko antzezleek, eta Euskal Etxeak oro har, bertako entseguak, antzezpenak, aurkezpenak eta saioak oro baldintza askoz hobeagotan gauzatu ahal izateko.

Roman Zurutuza Euskal Etxeko lehendakaria areto berrituaren inaugurazio ekitaldian
Zorionak Madrilgo Euskal Etxeari obra hauek eta bestelako hobekuntza lanak egiteagatik jendea gusturako aritu dadin eta are hobeto bete ahal izatearren zeregin garrantzitsua duen bere lana, euskal kulturaren babesleku, akuilu eta erreferente izanik Madrilen, bertako euskal komunitatearentzat eta euskal kulturaz interesatzen direnentzat, eta erakuslehio eta lagun izanik euskal sortzaile, artista eta eragileentzat hiriburu espainiarrean. Peio Aramburu Aretoaren berrinaugurazioa irailaren 23an egin zen eta zeremonia bukatuta, mokado batzuk partekatu zituzten bildutakoek lagunarte giroan egoitzako egongelan.
- Madrilgo Euskal Etxea Instagramen, euskaletxea_madrid

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



