Gral. Rodríguez, Argentina. Bazkide, lagun eta agintariak bildu zituen General Rodríguezko Eusko Aterpea Euskal Etxeak bere komunitate-bizitzaren 27. urteurrena ospatzeko antolatutako lagunarteko bazkarian. Etxeko bazkideekin batera, Buenos Aires probintziako euskal etxeetako erreferenteek, herriko elkarteetakoek eta udal agintariek egin zuten bat. Irailaren 6an izan da, igandea, erreki goxo eta partekatu bat medio, Euskal Etxeko zuzendariek eta bazkideek eurek prestatu eta zerbitzutua. Dantzak, zozketak, omenaldiak, esker ona eta senidetasun giro bikaina nagusi.
Ekitaldiari hasiera emateko, Raul Taretto Larghi eta Juan Itcea bazkide sortzaileek Argentinako bandera eta ikurriña sartu zituzten, eta jarraian Federico Etcheverryk Agurra dantzatu. Bertaratuei hitz egitean, Alicia Itceak herrian euskal sustraiak finkatzeko egin den bidea goraipatu zuen, eta Euskal Etxea ospatzen ari zen festa eta elkarretaratzea, irailaren 8an mundu osoan ospatzen den Euskal Diasporaren Egunarekin lotu zuen.
Aitortza Zulma Bressani bazkide historikoari
Bilerako une hunkigarrienetako bat Zulma Bressaniri egindako gorazarrea izan zen. Laurogeita hamalau urteko irakasle eta bazkide historiko honek, Euskal Etxearen alde beti lanean aritu denak, txalo zaparrada beroa eta lore sorta jaso zituen, begiak malkoz eta barrutik erabat ukituta. Bazkalostean, Mintza taldeak gidatutako kantu tradizionalek girotu zuten topaketa, Ikusi mendizaleak eta Guk euskaraz abestien bidez. Ondoren, Zazpi jauzi eta Marmutxa dantzatu zituzten eta, urteurreneko tarta moztu eta topa egin baino lehen, Zorionak zuri abestu zuten denek elkarrekin.
Udaleko intendente Mauro Garciak —Sebastian Piccardo prentsa idazkarirekin batera— hartu zuen parte festan, eta eskerrak eman zizkion euskal elkarteari "herritarren mesedetan elkarlanean aritzeko emandako aukeragatik". Ber denboran, FEVAko lehendakari Carlos Miguelena, Euskal Etxean lehenengoz ari zena, bertan egoteagatik pozik agertu ostean, elkartearen izenari erreferentzia eginez (Eusko Aterpea), euskal babesleku baten garrantzia nabarmendu zuen, bai garai onetan eta baita okerrenetan ere. Elkarteetatik bertaratutako ordezkarien zerrenda osatu zuten Costumbres Nativas dantza taldeak, General Rodríguezeko Leones eta Rotary klubek —hauekin guztiekin elkarlanean aritzen da Eusko Aterpea elkartasun kanpainetan— baita Luján, José C. Pazeko Toki Eder eta Cañuelaseko Denak Bat euskal etxeetako ordezkaritzek ere.
Zorionak Eusko Aterpea!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


