Montpellier, Frantzia. Datorren igandean, urriaren 5ean, bere "Urteroko Pesta"ren edizio berri bat ospatuko du Montpellier-ko Eskualdunak - Basques de Montpellier elkarteak. Ohitura denez, Clapiers-en, Jean-Louis Barrault Aretoan (1 rue du Paraguay, 34830 Clapiers), 11etan hasiz partaideen elkarretaratzearekin. Aperitifak segituko dio, euskal kantu herrikoiak eta dantzak lagun. Bazkaria catering batek ekarriko du eta animazioa, Diasporan, eta bestela ere, eskarmentu handikoak den Jean Louis Bergara eta Beñat Chaubandindeguy musikari bikoteak ezarriko du.
Gogora dezagun, bestalde, kalean dela Frantzia hegoekialdeko Lyon, Marseilla eta Montpellier-ko euskal etxeek elkarrekin ateratzen duten 'Hiruak Bat' buletinaren 11. zenbakia, epe horretan hiru elkarteek elkarrekin edo banaka antolatutako ekintza nagusien berriemaile. Iraileko zenbaki honetan musika, sukaldaritza eta kirola nagusitu dira ‘Gertakariak’ atalean, tartean Fermin Muguruzak Marseillan emandako kontzertua eta Biarritzeko Oldarra abesbatzaren Marseilla eta Montpellier-ko emanaldiak aipatuz. Gastronomian, Pierre Oteizaren txerrikiak dira protagonista eta kirolean, Lyoneko Euskal Etxeko pilota taldeek PACA Corse txapelketan lortutako emaitzak.
Montpellier-ko Euskal Etxeko kideak Agur Jaunak kantatzen joan den urtarrilean Clapiers-en
Hiruak Bat buletinaren 2025eko iraileko buletinaren azala
Elkarrizketan, Pierre Oteiza Aldudeko (Nafarroa Beherea) abeltzaina ezagutuko dugu. Musean aritzeko estrategiak ere hartzen ditu hizpide artikulu batek eta 2025-26ko euskara klaseen ordutegiak ere iragartzen dira, oinarrizko, ertaineko eta goiko mailetan.
Gogora dezagun 'Hiruak Bat' buletina Lyoneko, Marseillako eta Montpellierreko euskal etxeek elkarrekin egiten eta argitaratzen dutela, honako lantaldea egile: Txomin Bernard, Maiana Betelu, Francky Etchegorry, Romain Kukla, Xantal eta Philippe Lamarque, Jacques Lesca, Isabelle Mendy eta Fernando Zabalza. Beraiekin kontaktatzeko: hiruakbat@marseillako-euskaletxea.com.
- Hiruak Bat buletinaren 11. zenbakia hemen irakur daiteke