Brusela, Belgika. Hiriburu belgikarreko Euskal Etxeak poz handiz jakinarazi du oso sarrera gutxi geratzen direla larunbateko ikuskizunerako. Emanaldiak bi errezital ezberdin bilduko ditu: trabestismoa, musika eta euskal tradiziok uztartzen dituen eta folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzaile batetik sortzen duen Maruxak talde nafarrarena eta Oreka TX taldea osatzen duten Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte euskal txalapartariena.
Proposamenak harrera bikaina eskuratu du hirian eta horrela azaldu du Euskal Etxeko lehendakariorde Olga Perez Vitoriak Belgikako ‘Bruselas con Ñ’ irratsaio-podcastean egin zioten elkarrizketan: “Duela bost urte hasi ginen antolatzen urteroko kontzertuak eta oso talde ezberdinak gonbidatu ditugu. Aurten ere hala izango da; bagenekien Maruxak taldea Euskal Herrian izaten ari den arrakasta eta orain arte etorri ziren taldeekin konparatuta erabat ezberdina denez, ondo iruditu zitzaigun; aukera ederra iruditu zitzaigun eta badirudi asmatu dugula; izan ere, ‘sold out’ karteletik oso gertu baikaude!”
“Euskal elkarte bat garenez gure helburuetako bat da erakustea gaur egun Euskal Herrian tradizioa eta modernitatea elkarbizitzen direla. Gure muina eta sustraiak galdu gabe, Euskal Herriak daukan gizarte anitzaren isla ere izan nahi dugu eta han bezala gure etxean ere badagoela lekua profil guztietako jendearentzat”, adierazi du Perezek. Ikuskizuna azaroaren 21ean izango da, arratsaldeko 18:30etan, Bruselako Tour a Plomb Kultur Gunean. Euskal barra ere egongo da, kalimotxoa eta pintxoak barne. Sarrera gutxi geratzen dira eta hemen eros daitezke.
Oreka TX taldearen kontzertua Bruselako Ars Musika jaialdian
Eta egun horretan bertan, Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek Ars Musika izeneko Bruselako Musika Garaikidearen Nazioarteko Jaialdian joko dute, Víctor Guaitia biola-jotzaile valentziarrarekin batera. ‘Arctic Fever’ izeneko aurtengo edizioan biola eta egurrez, harriz eta izotzez egindako txalapartak izango dira protagonistak. Errezitala ostegunean da, 19etan. Sarrerak eta informazio gehiago, hemen.
Bruselako Euskal Etxea Instagramen, bruselakoeuskaletxea

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


