Cañuelas, Argentina. Cañuelasko euskal komunitatea xehetasun guztiak lotzen ari da asteburu honetan Argentinako diasporaren egutegian erabat finkatutako hitzordua den Aberri Eguna ospatzeko. Aurten, jada 16 euskal etxetako ordezkaritzek baieztatu dute partaidetza. Jaialdiak Dantzarien 18. Topaketa ere baitaratuko du. Denak Bat Euskal Etxearen egoitzak eskaintza zabala bilduko du, besteak beste musa, pilota, danborrada, musika eta dantza ikuskizunak eta, nola ez, tripazorriak dantzan jartzeko moduko plater goxoak.
Goizean goiz hasiko da ekitaldia, 9etan, Mus Txapelketa Azkarrarekin. Bikote partaideak Chacabuco, Chascomús, Ayacucho, Saladillo, San Nicolás eta Pergaminoko euskal etxeetatik etorritako 20 kupletik gora izango dira, etxekoez gain. Lehia arratsaldeko 18ak aldera arte luzatuko dela aurreikusten da, eta izena eman nahi dutenek Ismaelekin jarri behar dute harremanetan (11-69240846).
Eguerdian, bertaratutakoei harrera egin ostean, bazkariari ekingo zaio. Txartelak 25.000 peso balio du, eta menuko osagai izango dira txorizoa, odolkia, oilaskoa, entsalada eta postrea (edaririk ez barne). Arratsaldean, kultur eskaintza zabala eskainiko da: euskal zigiluko ekintzaileen azokan Zirimiriko zeramikak, Beltzaren lan grafikoak, Aitunearen diseinuak, Colibríren ehungintza, Txapela sagardoa eta El Vasco eztia ikusi eta erosi ahal izango dira, besteak beste. Horrez gain, 16etan, pilota erakustaldia egingo da Cañuelas Klubean (Lara kalea 874), bertako eta Iparraldeko Euskal Etxeko pilotarien eskutik. Ordubete geroago, 17etan, abesbatzen txanda, Nuestra Señora del Carmen elizan, San Nicoláseko Errekatarrak eta Denak Bat Euskal Etxeko ahotsen eskutik.
Jaiaren azken txanpa 19:30ean iritsiko da. Euskal Etxearen atarian, Danborrada hasiko da lehenengo, eta haren ondotik kalejira abiatuko San Martin plazaraino. Bertan izango dira ekitaldi nagusia eta zazpi talderen dantzari saioa. Berriro Euskal Etxera itzulita, erromeriaren txanda, Jopo Galfredo eta bere hirukotearekin. Izan ere, beste urte batez, haien esku egongo da 2026ko Aberri Eguneko ospakizunari festa amaiera ematea. Argentinako euskal diasporaren eta Euskal Herriaren arteko loturak berresteko aukera paregabea.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


