euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uztailean Arantzako barnetegian euskara ikasi nahi? Bartzelonako Euskal Etxearen taldean izena eman!

2013/05/28

2010ean Arantzako barnetegian ikastaroa egin zuen Bartzelonako ikasle taldea Zugarramurdiko haitzuloetan (argazkia BartzelonaEE)
2010ean Arantzako barnetegian ikastaroa egin zuen Bartzelonako ikasle taldea Zugarramurdiko haitzuloetan (argazkia BartzelonaEE)

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak uda honetako euskara ikastaroen berri eman du eta horien artean gainerako euskal etxeei ere zuzenduriko proposamena helarazi digu: Arantzako barnetegian egingo den ikastaroan parte hartzea. Bartzelonako ikasleek uztailaren 20tik 28ra ikastaro trinkoa egingo dute Nafarroako euskaltegi honetan, eta aurrekoetan bezala, gainerako euskal etxeetako ikasleei ere luzatu diete bertara biltzeko gonbitea. Astebeteko egonaldiaren prezioa 380 eurokoa da eta izena emateko epea atzo zabaldu zen, ekainaren 9an ixteko.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak ez du oporrik hartuko, ez behintzat euskararen irakaskuntzari dagokionez, eta aurtengo udan ere ikastaro bereziak eskainiko ditu. Bi aukera daude: batetik, euskal etxean bertan emango diren ikastaroak,  bi astekoak, uztailean eta irailean; bestetik, Arantzako Barnetegian (Nafarroan) egingo den ikastaro trinkoa.

Azken honi dagokionez, Bartzelonako euskal etxeak gainerako euskal etxeetako euskara ikasleei ere luzatzen die bertan parte hartzeko gonbitea. Aurreko edizioetan Bartzelonako eta Madrilgo ikasleak aritu izan dira bertan, eta oso pozik agertu dira esperientziarekin. Ikastaroa uztailaren 20tik 28ra egingo da eta prezioa 380 eurokoa da (320 Bartzelonako Euskal Etxeko bazkideentzat). Prezio horren barruan daude eskolak, egingo diren ekintzak eta aterpea; joan-etorriak ez, ordea.

Ikastaroaren baitan goizetan 4 eskola ordu emango dituzte ikasleek, bi taldetan banatuta (beheko maila eta goiko maila). Arratsaldean, aldiz, ikasitakoa praktikatzeko eskualde nafar eder hau ezagutzeko irteerak egingo dira: mendi-txangoak, bisita kulturalak, tailerrak…

Ikastaro honetan izena emateko epea maiatzaren 27tik ekainaren 9ra luzatuko da. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, jarri harremanetan Bartzelonako Euskal Etxearekin, e-maila bidaliz euskarabcn@euskaletxeak.org helbidera edo 93-3102200 telefonora deituz.

Aukera paregabea da euskararen alorrean urrats sendo berria eman eta, aldi berean, beste euskal etxe batzuetako lagunak egin eta euskara-ikaste prozesuan elkarren makulu baliatzeko. Hori, giro eta inguru ederrean denbora goxoak pasatzearekin batera.

Ikastaroak Bartzelonan

Bestalde, Bartzelonan bertan ere izango da udan zehar euskara ikasteko aukerarik, euskal etxeari esker. Elkarteak bi mailako ikastaroan egingo ditu: bata, zerotik hasten den ikaslearentzat (hurbilketa txiki bat euskara hizkuntzara, agurtzeko/aurkezteko oinarrizko hiztegia…) eta, bestea, zerbait dakien ikaslearentzat (bukatu duen ikastaroan egindakoa birpasatzea edota ikasturte berria ondo hasteko ahaztutakoa gogoratzea).

Ikastaroak uztailaren 1etik 12ra (astelehenetik ostiralera; 20 ordu guztira) eta irailaren 2tik 13ra (astelehenetik ostiralera; 20 ordu guztira. Diada egunean jai). Ordutegia honakoa izango da:     uztailean 17:00-19:00 edo 19:00-21:00; eta irailean 16:30-18:45 edo 18:45-21:30. Ikastaro hauen prezioa 80 eurokoa izango da (bazkideentzat 60 eurokoa, baina).

Izena emateko epeak hauek dira:

  • Uztaileko ikastaroak: Ekainaren 3tik 21ra 
  • Iraileko ikastaroak: Ekainaren 3tik uztailaren 19ra


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia