euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara ikasleen komeriak sarean ikusgai, Bartzelonako Euskal Etxeak bere blogean jarri dituen laburmetraietan

2007/06/11

'Nor-nori-nork zoratzen nau' bideoaren irudia
'Nor-nori-nork zoratzen nau' bideoaren irudia

PUBLIZITATEA

Gaur bukatuko da Bartzelonan Euskal Etxeak antolatzen duen Zinemaldia'07, 'Nomadak TX' dokumentalaren emanaldiarekin hain zuzen. Bartzelonaraino inguratu ezin dutenentzat, ordea, Euskal Etxeak oparia utzi du bere blogean: elkarteko euskara ikasleek egin dituzten laburmetraiak sareratu ditu. Sei bideo dira guztira, gai eta estilo desberdinekin, baina beti ere mundu osoko euskara ikasleek ederki ulertuko dituzten egoerak jorratuz.
Bartzelonako Euskal Etxeak gaur gauean itxiko ditu euskal zinema Kataluniako hiriburura hurbiltzeko asmoz antolatu duen Zinemaldia'07aren ateak. Euskal aktore eta zuzendari zerrenda pasa da egunotan euskal etxetik, baina zinemaldiak bestelako izarrak ere izan ditu: elkarteko euskara ikasleak. Zenbait taldetan bilduta, ikasleok laburmetraia batzuk egin zituzten eta joan den maiatzaren 31ean erakutsi dituzte Euskal Etxeaaren egoitzan. Teknika eta medio aldetik xumeak dira lanak, baina bikainak ikasleek erakutsi duten gogo eta umorearen aldetik, eta publikoak ederto hartu zituen.

Orain, mundu osoko internet erabiltzaileek ere ikusteko moduan ipini dituzte, Euskal Etxearen blogean. Sei bideo dira guztira, euskaraz egindakoak. Bertan ikasleek, umorez eta ironiaz, klasean egunero bizi dituzten egoerak erakusten dituzte. Euren arteko irabazlea 'Murgildu zaitez' lana izan zen, 2A mailako ikasleek egina. Beste lanak honokoak dira: 'Nor-Nori-Nork zoratzen nau' (sic) [2b mailako taldeak egina], 'Bartzelonan galduta' [1b mailakoak], 'Barraskilo lasterketa' [1a maila], 'Munduko euskararen erabilera' [EGA taldea] eta 'Euskal taoismoa' [Mintzapraktika]. Bideook hemen ikus daitezke.


Lotura interesgarriak

Bartzelonako Euskal Etxearen bloga
blog.euskaletxeak.org

Zinemaldia'07ri buruzko artikulua
BasqueHeritage.com-en 2007ko maiatzaren 25ean argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia