euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara ikasleak zinemagile Bahia Blancako Euskal Etxean: klaseetako gaiak laburmetrai batean landu dituzte

2008/01/16

Miguel Mendiondo eta Rocio Basterra irakasleak laburmetraiaren grabazioan (argazkia BahiaBlanca EE)
Miguel Mendiondo eta Rocio Basterra irakasleak laburmetraiaren grabazioan (argazkia BahiaBlanca EE)

PUBLIZITATEA

llusio eta gogoz ia edozer lortu daitekeela ederki dakite Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeko euskara eta antzerki ikasleek. Azken hilabeteotan 'abentura 'zinematografiko' batean murgilduta ibili dira, Rocio Basterra eta Miguel Mendiondo irakasleen gidaritzapean. Euskara eta antzerkia, antzerkia eta euskara: biak bildu dituzte euskara klaseetarako HABEko ikas materialaren gaiak azaltzen dituen laburmetraia eginez. Rocio Basterrak kontatu digu esperientzia. Estreinua, datozen egunetan sarean eta webgune honetan bertan.
Rocio Basterra euskal argentinarra 2005az geroztik da Bahia Blancako euskara irakaslea. Miguel Mendiondo, bertako euskal etxeko antzerki taldeko irakaslearekin batera, euskara ikasleei hizkuntza lantzen lagunduko dien laburmetraia sustatu du. 'Euskal Etxean Bai Horixe bideoak genituen, baina zahar xamarrak gelditu zitzaizkigun eta guk geuk material berria egin genezakeela pentsatu genuen', azaltzen du Basterrak Lazkaoko Maizpide barnetegitik, euskara hobetzen ari baita bertan egunotan. 'Miguelek eta biok euskara eta antzerkia bilduko zituen ekimen bat egin nahi genuen eta laburmetraiarekin bi alde hauek batzea lortu dugu', dio Rociok.

[Laburmetraiaren grabazioa elkarteko frontoian. Aktoreak Arnaud, Marcelo eta Rocio. Eskubian kamera eta bat-batean asmatutako tripodea (argazkiak Bahia Blanca EE)]

Laburmetraiak HABEren euskara ikasteko materialak jasotzen dituen ikasgaiak lantzen ditu. Gidoia ikasleek egin dute, Basterra eta Mendiondoren gidaritzapean. Entseiu eta froga askoren ostean, azken grabazioa egiteko bakoitzak bere ahalegin berezia jarri zuen: 'Malenak kamera ekarri zuen, Miguelek argia, Juanek idazkaritza lortu zuen eta horrela, denon artean eta aurrekontu apalarekin, gure lehen bideoa egin genuen!', azaltzen du Basterrak.

[Goiko irudian, ezkerretik eskubira Arnaud, Marce, Miguel eta Male bideoari soinua jartzen (argazkiak BahíaBlancaEE)]

Laburmetraiaren soinubanda ere beraiek grabatu dute. 'Musika jartzeko ikasle ohi bat gonbidatu genuen eta berak kitarra eta armonikarekin abestu zuen', azaltzen du umoretsu Rociok. 'Gogoarekin eta ilusioarekin edozer egin daiteke!'. Oro har, laburmetraian parte hartu dutenak Magui Cantamutto, Marcelo Zudaire, Malena Manterola eta Arnaud Elgoyhen xiberotarra izan dira, Rocio Basterra eta Miguel Mendiondoren ikasleak. Euren ideia bikaina agian beste euskal etxeentzako inspirazio iturria izango da. Edizio prozesua bukatu bezain pronto, sarean eta EuskalKultura.com-ek aurkeztuko dute bideoa, Diaspora eta Euskal Herriko euskara ikasle guztien esku.

Giro ederra Euskararen Egunean

Bahia Blancako Euskal Etxeak azken hilabeteotan egin duen beste ekimen bat Euskararen Egunaren ospakizuna izan da. Elkarteko lagun asko bildu zituen jaiak eta bertaratu zirenek pintxoak, garagardoa eta Julitxu izeneko jaki tipikoa dastatu ahal izan zituzten. Union Vascako arlo guztiek hartu zuten parte jaiean: koruak, dantza taldeak, pilotakoek, kulturako kideek, zuzendaritzak eta, nola ez, euskara taldeak. Hala, jaia antolatu zen 'aretoa txiki gelditu zen hainbeste jenderekin', elkarteko iturriek azaldu dutenez.

[Goiko irudian elkarteko kide batzuk Euskararen Egunean]

Bisitari gehien izan zituen standa Txikiena izan zen. Bertan euskara ikasleek eginiko marrazkiak eskaini ziren ikusgai. Karaokeak ere jende dexente bildu zuen: talde guztietako ikasleak, elkarteko bazkideak eta euren senitartekoak, denak ausartu ziren abesti ezagun bati letra aldatzen, halaxe egin baitzuten karaokean.

[Goiko irudian elkarteko kide batzuk Euskararen Egunaren jaian, Rocio Basterra (eskuinean lehena) alboan]


Lotura interesgarriak

Bahía Blanca EE, Kolektibitateen Azokako stand onena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 28an

Argentinan Euskarazeko ikasle-irakasleak Lazkaoko Maizpiden
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 27an

Unión Vascak 58. urteurrena ospatu zuen (gazt.)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abuztuaren 10ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia